Aldundiaren 'Etorkizuna Eraikiz kapsula' Zumaian izango da arratsaldera arte

Juan Luis Romatet 2021ko urr. 27a, 12:32

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Etorkizuna Eraikiz kapsula kanpaina Zumaian izango da gaur. Honen bidez, Gipuzkoako etorkizunari buruzko hausnarketan parte hartzera gonbidatu nahi ditu aldundiak Zumaiako herritarrak. 

Lurraldeko beste herri batzuetan egon ondoren, Zumaian egin du kapsulak gaur geldialdia, Eusebio Gurrutxaga plazan, hain zuzen. Arratsaldera arte izango da bertan, eta zumaiarrek Gipuzkoaren etorkizunaren inguruan dituzten ekarpenak eskaintzeko aukera izango dute. Eider Mendoza Gobernantza diputatua, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea eta Zumaiako EAJko kide Ainhoa Illarramanendi izan dira kanpaina bisitatzen. 

Gipuzkoaren etorkizuna zein den zehazteko biztanleen iritzia jakitea ezinbestekoa dela azaldu du Mendozak. "Gipuzkoa nolakoa izatea nahi duten jakinda, denon artean amesten dugun lurraldea eraikitzen saiatu behar gara", nabarmendu du. Kapsula honen bidez, "lurraldea egun nolakoa den kontatzen diegu, zeintzuk diren Gipuzkoako ezaugarri eta balore nagusiak". Horrekin batera, egitura bisitatuko dutenei ariketa bikoitza egitea eskatzen zaiela azaldu dute aldundiko arduradunek: alde batetik 2040. urtera begira Gipuzkoa nolakoa nahiko luketen izatea adieraztea, eta bestetik ekarpenak egiteko konpromisoa hartzea. "Ekarpen guztiek fruitua ematen dute ondoren, eta fruitu horiei eta gobernantza kolaboratiboari esker, ekarpen horiek proiektu bilakatu daitezke", azaldu du Mendozak. 

Etorkizuna Eraikiz kapsularen bigarren fasea amaituta, jasotako ekarpenak aztertuko direla gaineratu du Mendozak, eta Etorkizuna Eraikiz egitasmoan txertatuko direla gaineratu du. Kapsula arratsaldera arte egongo da Gurrutxaga plazan, eta herritarrek izango dute beraien ekarpenak egiteko aukera.