Imanol Lopez: "Egunez egun lan egin dugu, eta horrela errazagoa da finalera iristea"

Maria Maya Manterola 2021ko urr. 14a, 15:30
Arbe eta Lopez, Markina-Xemeingo txapelketa irabazi ondoren, uztailean. (Jai Alai News)

Goikoetxea eta Aimarren aurka irabazi ondoren lortu zuten Lopezek eta Arbek Hondarribiko Grand Slam txapelketako finalerako txartela, joan zen astean. Erkiaga eta Etcheto izango dituzte aurkari bihar Jostaldi pilotalekuan jokatuko den partidan. Finalera iristeko "egunez egun egindako lana» izan da gakoa Lopezen ustez.

Hondarribiko Grand Slam txapelketako finalean izango da bihar, ostirala, Imanol Lopez zesta puntista zumaiarra, Jokin Arberekin bikotea osatuta. Joan zen astean eskuratu zuen final handirako txartela, Goikoetxea eta Aimarren aurka bi setak irabazi ondoren. Bihar Erkiaga eta Etchetoren aurka neurtuko dituzte indarrak, Jostaldi pilotalekuan. Partida 20:00etan hasiko da, eta bertatik jarraitu ezin duenak ETBn ikusi ahal izango du norgehiagoka, bi ordu beranduago hasita. 

Garaipenez garaipen iritsi dira Hondarribira Lopez eta Arbe, Mutrikuko eta Lekeitioko masterrak irabazi baititu bikoteak. "Hondarribikoan ez genuen pentsatu noraino iritsi gintezkeen; asmoa zen egunez egun pausoak ematea, hori egiten denean errazagoa delako finalera iristea", dio Lopezek. Dena den, Hondarribiko Grand Slameko lehen partida ez zen ona izan: "Egia esan, ez nuen bereziki egun ona izan lehen partidan". Lopezek, baina, uste du jakin zutela "horrelako desastrea egin eta gero" egoerari buelta ematea, eta orain finalean daude, "gogo handiz".  "Gaizki hasten zarenean zaila da buelta ematen, baina guk lortu dugu", nabarmendu du zumaiarrak.

Pozik dago Lopez Arberekin bikoa osatzeaz. Haren hitzetan, puntista "oso interesgarria" da Arbe: "Inteligentea da kantxan jokatzen, ondo errematatzen du, ez du akatsik egiten... ni bezalako atzelari batentzat oso interesgarria da. Elkarlan ona dugu, eta plazer bat izaten ari da hainbeste txapelketa berarekin osatzea".  Joan den astean jokatutako finalerdian Iñaki Osa Goikoetxea herrikide eta lagunaren aurka neurtu behar izan zuen Lopezek. "Zaila da, Iñakiren ibilbidearen zati handi batean presente egon naizelako, elkarren aurka aritu izan garelako, eta azken finean, nahiago genuke biok elkarrekin jokatzea. Elkarren kontra jokatzea tokatzen zaigu, eta ahalik eta ondoen eramaten dugu, nahiz eta batzuetan emaitza alde batera joan, eta beste batzuetan beste aldera". 

Hondarribitik Mexikora

Hondarribiko Grand Slama amaitu, eta azaroaren 15etik 20ra Mexikon jokatuko den Munduko Kopari begira jarriko dira biak ala biak, Goikoetxea eta Lopez. Selekzioan parte hartzen dutenez, Mexikorako haiek hautatzeko itxaropentsu dira.