Ekain Albiteren 'Negu hurbilak' filma finantzatzeko crowdfunding kanpaina, abian

Maria Maya Manterola 2021ko urr. 12a, 08:55

Goya sarietan emakumezko aktore berri onenaren izendapena jaso duen Jone Laspiur donostiarra izango da Albiteren lan berriko aktore nagusia. Aurreprodukzio fasean dago proiektua, eta diru bilketa kanpaina jarri dute martxan.

Ekain Albite gazte zumaiarra Negu hurbilak filmaren produkzioan murgilduta dago, eta hura finantzatzeko crowdfunding kanpaina abiatu berri du. Arrazoi politikoengatik eta errepresaliak izateko beldur direlako, beren lurraldetik ihes egin behar izan duten iheslarien esperientzia aztertzen du Albitek ondutako lanak. Egilearen arabera, gutxitan hitz egin da gatazkaren alderdi horretaz, eta tabuak bezalaxe, gehienetan estalita geratu den ikuspegia izan da. 

Ihesaldiaren aitzakian ezagutuko ditu ikusleak filmeko pertsonaiak. Izan ere, mugatik gertu dagoen herri txiki bateko jendeak hartuko du protagonismoa istorioak aurrera egin ahala. Pertsona horien alderdiak ezagutaraztea da filmaren helburu nagusia, Albiteren esanetan. "Pertsona horiei gatazkak eragin die, eta ez soilik bere egunerokotasunean, lekuko zuzenak izateaz gain inplikatuta egon baitziren", azaldu du. 

Hala eta guztiz, "historia unibertsala" da filmean kontatzen dena. Ihesaldiarekin hasi, eta "herriari buruz" hitz egingo du filmak: "Herri hori zeri lotuta dagoen ikustean ohartuko gara kontatzen ari garena ez dela kasu partikularra, oraindik ikaragarri pisatzen duen gatazka luze eta anitza baizik".

Estreinaldia, ekainean

ESCAC films ekoiztetxearen babesarekin garatuko dute filma. Zinema eskola horretan ezagutu zuen elkar talde teknikoak. Taldeak azaldu du Euskal Herrian grabatuko dutela filma, eta 16 mm-ko formatuan egin nahi dutenez, gastuak ohikoak baino handiagoak izango direla. Horregatik zabaldu dute crowdfunding kanpaina. Ekarpena goteo.org atarian egin daiteke, eta gero, Aldundiak ekarpena bikoiztuko du, Meta 2021 proiektuaren bidez. 

Aurreprodukzioan dago proiektua uneotan. Urtarrilean grabatuko dute, eta postprodukzioan muntaketa, soinua eta kolorea findu ondoren, ekainean aurkeztu nahi dute jendaurrean. 

Ekain Albite ari da zuzendari lanetan, eta zumaiarrak Adrià Rocarekin eta Nicolau Mallofrérekin idatzi du gidoia. Goya sarietan emakumezko aktore berri onenaren saria jaso duen Jone Laspiur donostiarra izango da protagonista, eta harekin batera arituko dira aktore lanetan Beñardo Mutuberria eta Anita Hualde, filma grabatuko duten mugako herrietako bizilagunak.