Itsaspeko mundua ezagutzeko aukera izango da Zumaian

Juan Luis Romatet 2021ko urr. 10a, 11:00
Argazkia: Tobias Friedrich

Itsaspeko Nazioarteko Zinema Zikloko hamabigarren edizioko lanak ikusteko aukera izango da datorren ostegunean, hilaren 14an, Aita Mari zinean. Horrekin batera, argazki erakusketa ere egingo da Algorri Interpretazio Zentroan. 

Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa borondateak, kontzientziak eta talentu handia batzen dituen ekitaldia dela azpimarratu dute Cimasub elkarteko antolatzaileek, "gure planetarekiko sentsibilitate berezia transmititzeko eta zabaltzeko asmoz·. 

Ekitaldi honekin itsaspeko bizitzaren inguruko ezagutza eta kontzientzia bultzatu nahi duela azaldu du Zumaiako  Udalak. "Agenda 2030 programaren helburuetako bati ekarpena egin nahi dio. Izan ere, 14. helburua da "Ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak mantentzea eta modu jasangarrian erabiltzea, garapen jasangarriari begira"", gaineratu du. 

CINESUB Itsaspeko Nazioarteko Zine Zikloak 1975etik dihardu itsas hondoa ezagutzera ematen, "ozeanoen edertasuna eta egungo arazoen berri planeta osoan zabaltzen". Zumaian hiru denbora epe desberdinetan antolatu da jaialdi hau: 1994tik 1999ra, 2008tik 2011ra, eta 2020an egin zituen Cimasubek ekitaldiak Zumaian.

Proiekzioak eta erakusketa

Hamahiru film labur emango dira ostegunean, 19:00etatik aurrera, Aita Mari zinema aretoan. Itsaspeko nazioarteko lehiaketara aurkeztutako lanak izango dira, eta antolatzaileen esanetan, "kalitateak gora egiten du urtetik urtera, bai ikusmenari dagokionez, baita narrazioari dagokionez ere". 

Hauek dira Zumaian emango diren lanak:

  • Leeward (Coté Sous le Vent) | Van den Broeck Olivier | 4 minutu. Brontzezko barandatxoa film laburretan.
  • Argia | Víctor Sánchez Sayago | 3 minutu. Gazte promesaren lanik onena.
  • Save the oceans | Katja Kieslich | 3 minutu. Emakume bideografo lanik onena.
  • Koraligeno mediterraneoa | Juan Sempere-Valverde | 11 minutu.
  • Argazki onenen diaporama | 8 minutu.
  • I love the sea | Juan Raya Rodríguez | 4 minutu. Epaimahaiaren aipamen berezia, aniztasuna eta edertasuna.
  • Plastiko itsaso bat | Enrique Talledo Ruiz | 5 minutu. Lan onena salaketa ekologikoarekin.
  • Bost Gorrian/Cinco en el Rojo | Fernando Menor Vives | 3 minutu
  • Itsasertzeko zerrenda | Antonio Ballesteros Marcos | 14 minutu. Kazetaritza lanik onena.
  • One Ocean, One Love | Hendrik S. Schmitt | 3 minutu
  • Arnasa planetarentzat | Jose Carlos Rando Lara | 4 minutu. Epaimahaiaren sari berezia, kontzientzia ekologikoa.
  • Madre Mar | Rubén Crespo Pérez | 3 minutu
  • Jorge J. Candáni omenaldia | | 4 minutu. "The Return" 2019ko bideosub munduko txapelketaren irabazlea. Francisco Pizarro sari berezia.
  • Espezieen eboluzioa | Rafael Fernández Caballero | 4 minutu. Urrezko Barandilla film laburretan.

Emanaldirako gonbidapenak pasa den ostiraletik daude eskuragarri turismo bulegoan, doan.

Ikus-entzunezkoen proiekzioaz gain, urriaren 12tik 24ra bitartean itsaspeko mundua biltzen duten argazkiekin osatutako erakusketa izango da Algorri Interpretazio Zentroan. CIMASUB lehiaketara aurkeztutako argazki onenak bildu dituzte, eta antolatzaileen esanetan "itsas hondo politenaz gozatzeko eta itsas-espezie arraro eta deigarrienak ezagutzeko" aukera paregabea eskaintzen du erakusketak.

Herriko haurrei zuzendutako ekitaldia

Herriko haurrek ere izango dute itsaspeko mundua ezagutzeko aukera. Urriaren 14 goizean, ostegunean, Zumaiako eskoletako 5. eta 6. mailako haurrek lau film labur ikusi eta urpeko munduko profesional batekin solasteko aukera izango dute. Ekimen honen helburua da aldaketa klimatikoa arintzen eta gure itsaso eta ozeanoak salbatzen laguntzea guztion esku dagoela ohartaraztea. Horretarako, egungo egoeraren arazoa eta konponbideak azalduko dituzte. "Ezagutzen ez dena ez da maite; horregatik, ahalegin guztia egiten dugu txikienengana iristeko", adierazi dute antolatzaileek.