Goikoetxea eta Lopez Hondarribiko finalerako txartel bakarraren bila

Juan Luis Romatet 2021ko urr. 9a, 09:00

Hondarribiko Grand Slameko finalerdiak jokatuko dira gaur Jostaldi frontoian. Partidak 20:00etan hasiko dira, eta ETB-1ek 'zuzeneko faltsuan' emango du gauean bertan. 

Lehenengo partidan Goikoetxea-Aimar eta Arbe-Lopez neurtuko dira. Iñaki Osa Goikoetxeak eta Aimarrek osatutako bikoteak bere multzoko bi partidak irabazi zituen, eta bikote sendoa osatzen dute. Elkar ondo ezagutzen dute elkarrekin entrenatzen dutelako. Aurrean Arbe eta Imanol Lopez izango dituzte, aurtengo udan Markina eta Lekeitioko Masterretan irabazle izan direnak. Agian ez dute ligaxkan beren onena erakutsi, baina bikote trinkoa osatzen dute.

Bigarren finalaurrekoan ez dago faborito garbirik: Beaskoetxea-Zabala edo Erkiaga-Etcheto. Beaskoetxea-Zabala taldeko lehenak izan ziren, baina, teorian, ez ziren multzo honetako faboritoak. Hori bai, Beaskoetxea bere garairik onenetan bezala jokatzen ari da, bi horma askorekin, forma handia erakutsiz. Aurrean, Erkiaga-Etcheto bikotea egongo da, behetik gora joan dena. Erkiagak Miarritzeko, Donibane Lohizuneko eta Gernikako Grand Slamak irabazi baititu.

Finala hurrengo ostiralean jokatuko da, urriaren 15ean, eta eserleku guztiak beteta egongo dira, ziur aski.