Putzutik hezegunera bidean

Juan Luis Romatet | Gipuzkoako Hitza 2021ko urr. 8a, 10:16
Argazkia: Aitor Leiza

XX. mendetik aurrera izandako hazkundeak eragina izan du Zumaiako hezegune eta paduretan, eta, modu xumean bada ere, egoerari buelta ematen hasi dira herrian.

Etxeek, kaleek, auzune osoek hartzen dituzten Zumaiako hainbat lursail lubakiak ziren XX. mendearen erdi aldera arte. Garapenarekin, baina, gizakiek sortutako azpiegiturek estali dituzte ordura arte hegaztien, arrainen eta narrastien atsedenleku ziren guneak, ia galtzera eraman arte. 1990eko hamarkadan eraiki zuten Zumaiako kirol portuak Santiagoko paduraren bi heren inguru irentsi zituen.

Ez lehen bezainbeste, baina oraindik ere hegazti gutxi batzuek atseden hartzen dute gizakiak hiritartutako espazio horretan. “Lehen etortzen ziren hegazti espezie berberak etortzen dira, baina inolaz ere ez lehengo kopuru berean”, azaldu du Aitor Leiza zumaiarrak. Herriko natur taldeko kidea da, eta Zumaiako Udalean Ingurumen zinegotzia izan zen 2011-2015eko agintaldian. Urola itsasadarreko plan nagusiaren bultzatzailea ere izan zen.

“Edo gizakiok eragindako presiora ohitzen dira, edo hegaztiek alde egingo dute”, nabarmendu du Leizak. Haren esanetan, Beduako irlen bueltan sortutako hezegunea da “Urola ibaiaren altxorra”. Santiagokoa ez bezala, mendiek babesten dute Zumaiako herrigunetik kilometro eskasera dagoen gune hori, eta hegazti espezie batzuek atsedenlekutzat aukeratzen dute, baita elikatzeko ere, itsasbeherarekin. Ez da arraroa koartzak eta antzeko hegaztiak ikustea irla horien inguruan.

Gipuzkoako Hitzan irakurri daiteke artikulua.