'Nora' filma emango da asteburuan Aita Mari zinean

Juan Luis Romatet 2021ko urr. 2a, 10:30

Zine emanaldiak bueltan dira Aita Mari aretoan, berritze lanak amaitu ondoren. Asteburu honetan Lara Izagirre zinemagilearen Nora filma emango da Zumaiako zine aretoan. 

Iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten lan hau larunbatetik astelehenera bitartean emango da, egunero, 19:30ean. Euskaraz emango da filma, gaztelaniazko azpitituluekin.

Sinopsia:

Norak 30 urte ditu, Nicolás aitite argentinarrarekin bizi da eta Meri lagunaren seme-alabak zaindu ohi ditu. Herriko aldizkariaren horoskopoa idazten du, baina bere ametsa bidaia-idazle izatea da.

Aititeren heriotzak Dyane 6 zahar bat utziko dio herentzian. Norak gaizki gidatzen badu ere, noraezeko road trip-a egingo du Euskal Herriko kostaldean zehar, aititeren errautsak amatxiren errautsen ondora eramateko.

Bideak laster erakutsiko dio ez dela bidaiari izateko jaio, eta bere ametsak ez zuela zerikusirik berarekin, baizik eta libre izateko, hazteko, zauriak ixteko eta lehenengo aldiz bere buruari zoriontsu izateko aukera emateko aitzakia besterik ez zela.