Espainiako zesta punta txapelketako finalak jokatuko dira asteburuan Aitzurin

Juan Luis Romatet 2021ko urr. 1a, 09:20

Kluben arteko Espainiako zesta punta txapelketako azken partidak hartuko ditu asteburu honetan Zumaiako Aitzuri frontoiak. Gaur hasi eta igandera bitartean izango dira partidak Zumaiako pilotalekuan.

Zumaiako ordezkaritzak gizonezkoetan zein emakumezkoetan parte hartuko du eta herrian bertan lehian ikusteko aukera izango da asteburuan zehar.

Gizonezkoen txanda izango da gaur. Txapelketako final laurdenak jokatuko dira 16:00etan hasita. Lau izango dira gaur jokatuko diren partidak, eta norgehiagoka bakoitzeko irabazleak larunbatean 18:00etatik aurrera jokatuko diren finalerdietara sailkatuko dira. Gizonezkoen finala igandean jokatuko da, eguerdiko 12:00etatik aurrera.

Emakumeak ere lehian izango dira Zumaian. Larunbat goizean, 10:00etan hasita, ligaxkako laugarren jardunaldia jokatuko da, eta Zumaia Berriatuaren aurka arituko da; arratsaldean jokatuko da ligaxkako bosgarren eta azken jardunaldia, eta Vasconia izango du aurkari Zumaiak.

Behin ligaxka amaituta, bi bikote onenek txapelketako finala jokatuko dute igandean, goizeko 11:00etan hasita.