Intzidentzia tasa beste hamar puntu jaitsi da Zumaian

IƱigo Gaiton 2021ko ira. 28a, 13:52

Laugarren egunez jarraian ez da kasu positiborik detektatu Zumaian. Hala, intzidentzia tasa beste hamar puntu jaitsi da, eta eremu berdea gero eta hurbilago du herriak.

Eusko Jaurlaritzak eguneratu du egoera epidemiologikoaren gaineko txostena, eta horren arabera Zumaian ez da kasu positiborik izan azken orduetan. Azken zazpi egunetan bi kasu besterik ez dira zenbatu herrian, eta bat bera ere ez azken lau egunetan. Ondorioz, kasu metatuen tasa beste hamar puntu jaitsi da, eta 61,06koa du Zumaiak gaur gaurkoz. Eremu berdea gero eta hurbilago dago. 

Eskualdeari dagokionez, Osasun Sailak emandako datuen arabera, Urola Kostan sei positibo izan dira. Aian —654,91ko intzidentzia tasa—, Azpeitian —170,83 tasarekin eremu horian— eta Zarautzen —124,21 tasarekin eremu horian— detektatu dituzte kasu positiboak; hain zuzen ere, bi herri bakoitzean.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez da positiborik izan, eta horrela daude udalerrietako intzidentzia tasak: Aizarnazabal —0—, Azkoitia —141,87 tasarekin eremu horian—, Beizama —0—, Errezil —0—, Getaria —35,34—, Orio —81,54 tasarekin eremu horian—, eta Zestoa —154,08—.

125 positibo Hegoaldean
Hego Euskal Herrian 8.968 proba egin ziren atzo, eta  125en emaitza positiboa izan da. Araban 9 kasu positibo detektatu dituzte, Bizkaian 53, Gipuzkoan 36, Nafarroan 25 eta lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean beste bi.

Ospitaleen egoerari dagokionez, hobera egiten jarraitzen du apurka. Koronabirusak jotako 15 lagun eraman zituzten atzo Osakidetzaren mendeko erietxeetara, eta denera 85 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 39 ZIUetan. Nafarroan, aldiz, 38 lagun daude ospitaleratuta COVID-19aren ondorioz, horietatik 11 ZIUetan.