Lander Garroren “Bi urte, lau hilabete eta egun bat” dokumentala, ostegunean Itziarren

Itziarko Auzo Udala 2021ko ira. 28a, 14:30

Ondoren solasaldia egingo dute, Debako Igor Gorroño eta Zumaiako Juan Luis Blanco intsumisoen testigantzekin.  

Itziarren antolatutako Udako Kultur Aukera amaitzeko, ostegun honetan Lander Garro idazle eta zinemagileak zuzendutako Bi urte, lau hilabete egun bat dokumantala emango da, 19:00etatik aurrera, Burugorri aretoan. 

Lan honek intsumisio mugimendua gogoratu eta ospatzea du oinarri, eta derrigorrezko soldaduskaren aurka borrokatu zuten sei lagunen historia kontatzen du. Gauza asko daukate komunean sei lagunok: denak giltzaperatu zituzten soldaduskari uko egin izanagatik, eta denek nahiago izan zuten kartzela ejertzitoa bainoago. Zuzendariak zerbitzu militarraren kontrako mugimenduaren azterketa bat egingo du: politikoa, soziala, eta intimoa. 

Izaskun Arandia ekoizleak aurkeztuko du saioa ostegunean. Behin emanaldia amaitutakoan, solasaldia izango da gaiaren inguruan aritzeko, eta horretarako bertan izango dira Debako Igor Gorroño eta Zumaiako Juan Luis Blanco intsumiso ohiak, testigantza pertsonalak eta bizi izan zuten mugimenduaren berri partekatzeko.

Covid-19ak sortutako egoera dela eta indarrean diren babes neurriak beteko ditu antolakuntzak. Lekua osatzeko beharrezkoa da izena aldez aurretik ematea Itziarko harrera bulegoko 943 19 92 55 telefonora deituz 08:00etatik 15:00erako ordutegian, edo apuntatu@itziar.eus helbide elektronikora idatziz.