Maider Alberdi: "Pixkanaka ari gara agintaldiko proiektuak aurrera ateratzen"

Maria Maya Manterola 2021ko ira. 28a, 09:47

Zumaiako Udaleko Berdintasun, Gazteria, Aniztasun eta Parte hartze zinegotzia da Maider Alberdi (Zumaia, 1991). Bere sailak dituen erronken inguruan hitz egin du.

Agintaldi erdia igaro da. Zer balorazio egiten duzu orain arte egindakoaz?

Balorazio positiboa egiten dut. Pandemiaren eraginez, esku artean geneuzkan proiektu batzuk gelditu egin behar izan genituen edo denbora gehiago behar izan dugu horiek gauzatzeko, baina pixkanaka ari gara agintaldiaren hasieran zehaztu genituen proiektuak aurrera ateratzen. Horien artean, aipatzekoa da Emakumeon* Etxea; hilabete honetan irekiko da, eta udalarentzako proiektu estrategikoetako bat da.

Urte eta erdi falta da agintaldia bukatzeko. Zein dira zure sailak dituen erronka handienak?

Erronka dezente ditugu esku artean. Berdintasunari dagokionez, adibidez, IV. Berdintasun Plana osatzeari ekingo diogu 2022an, eta horrekin batera, LGTBI politikak gauzatzeko ekintza plana ere sortuko dugu. Bestalde, udal barruan Jazarpen Sexistaren Aurkako Protokoloa osatzen ere hasi nahi dugu.

Era berean, Zumaiara bizitzera heltzen den pertsona orok harrera integrala jasotzeko Harrera Protokoloa osatu genuen aurreko urtean, eta orain martxan jartzea dagokigu. Alde batetik, harrera gida osatzen ari gara; etorri berrientzat baliagarria den informazioa bilduko du liburuxkak. Bestetik, urtean zehar etorri diren herritarrei ongietorri saioak eskainiko dizkiegu. 

Horrez gain, parte hartze ereduaren inguruan hausnartzen eman dugu udaberria udalean. Hemendik aurrera, prozesu horretatik ateratakoan sakontzea eta askotariko ekintzak martxan jartzea tokatzen zaigu. Horren baitan, aurrekontu parte hartzaileen inguruan ere eztabaidatu genuen, eta datorren urtean martxan jarri nahi dugun eredua zehazteko lanetan gabiltza orain.

Azkenik, gazteen parte hartzea, ekimena, sormena eta autoenplegua bultzatzeko edo herrigintzarako proiektuak sustatzeko dirulaguntza deialdia sortzeko lanetan ere bagabiltza.

Emakumeon* Etxea zabaltzear da. Zer eskainiko dio gune horrek herriko emakumeei?

Emakumeentzako gune segurua eta irekia eskainiko du Emakumeon* Etxeak emakumeon* ahalduntzea sustatu eta elkarren arteko sareak sortzeko; ikasteko, prestakuntza eta informazioa jasotzeko; ikuspegi feministatik eztabaida eta gogoeta pizteko; indarkeria matxistarik gabeko elkarbizitza sustatzeko; aholkularitza jasotzeko.

Bestalde, beste modu batean lan egiteko aukera eskainiko digu etxeak. Izaera publiko-komunitarioa izango du; elkarteak eta udalak elkarlanean kudeatuko dute espazioa. Zerbitzu publiko bat herritarrekin batera kudeatzeak baditu bere zailtasunak, baina aldi berean, oso aberasgarria da eta zerbitzua herritarrengandik hurbilago egotea dakar. Horrek izugarrizko balioa dauka.

Gaztegunean ate irekien jardunaldiak izan dira orain gutxi. Zer erantzun izan dute? Zer eskaintzen die Gazteguneak herriko nerabeei?

Erantzun oso ona izan du, nerabe asko hurbildu dira bertara. Gazteguneak elkartzeko eta elkarrekin egoteko lekua eskaintzen die nerabeei, baina baita ikasteko eta eztabaidatzeko espazioa ere. Azken urteotan zenbait lanketa ere egin dituzte bertan: aniztasun funtzionalaren gaia, munduko egoera edota harremanak aztertu dituzte, adibidez.

Gaztegunea gazteentzako espazio errenferentea izatea da helburua, eta hezitzaileek lan handia egiten dute gazteei espazio seguru eta erakargarri bat eskaintzeko. Gazte askorentzat beren ezinegonak eta kezkak elkarbanatzeko espazioa ere bada gaztegunea. 

Zein dira gazteen arazo handienak? Eta horien aurrean zer egin dezakezue?

Gazteon prekarietateak esparru asko hartzen ditu, baina bi nabarmenduko nituzke: enpleguaren eta etxebizitzaren arazoak. Gai horien inguruko eskumena goragoko erakundeena den arren, udalean zenbait lan lerro eta neurri martxan jartzen ari gara.

Enpleguari dagokionez, herriko industria ehunari eusteko eta hori indartzeko gure esku dauden pausoak ematen ari gara, eta autoenplegua eta kooperatibagintza bultzatzeko bitartekoak nahiz laguntzak jarriko ditugu martxan. Xeyko poligonoa biziberritzekoakordioa, herrira enpresa berri bat erakartzea eta coworking zentroaren lanketa dira horren adibide. 

Etxebizitzaren arazoa ere aipatu duzu.

Hiru lerro nagusi ditugu martxan. Batetik, alokairurako dirulaguntzak ezarri ditugu; horrek herriko gazte askori karga arintzeko balio du, irtenbidea ez dela dakigun arren. Bigarrenik, etxe hutsekin eta turistikoekin Zumaian dagoen arazoari heldu diogu. Alokairu turistikorako etxebizitzak arautzeko prozesua martxan dago, eta udalak lizentzia berririk ez emateko moratoria ezarria du prozesu hori bukatu arte. Etxe hutsei  lotuta, etxebizitza bulegoa martxan jarriko dugu laster: udal teknikari batek Eusko Jaurlaritzak alokairurako dituen programen eta laguntzen berri emango dizkie etxe hutsen jabeei. Eta azkenik, etorkizunera begira, etxebizitza babestuen promozio berriak lantzeko lanean ari gara.

Eraso sexistak direla medio, bi salaketa izan dira herrian denbora gutxian, eta bat egin duzue mugimendu feministaren deialdiekin. Horrez gain, hartuemanik izan al duzue erasoak jasan dituzten emakumeekin?

Eraso sexistei erantzuteko protokoloaren baitan, aurreikusita dago mugimendu feministarekin hartu-emana izatea, eta hala egin dugu bi kasuetan, bai. Gai horri ere heldu nahi diogu, protokoloan parte hartzen duten hainbat eragilerekin eta mugimendu feministarekin batera gaur egungo protokoloa fintzeko. Berdintasun Sailak elkarteekin eta mugimendu feministarekin duen harremana etengabea da. Horren adibide dira, adibidez, martxoaren 8ra edo azaroaren 25era begira antolatzen diren egitarauak. Orain, Emakumeon* Etxearekin, uste dut hartu eman horien indartzeko aukera izango dugula.