Gorostiagako putzuari lotutako dibulgazio ekitaldiak egingo dira aste honetan Zumaian

Juan Luis Romatet 2021ko ira. 21a, 15:16
Argazkia: Aitor Leiza

Putzu artifizial bat egokitu zuten Gorostiagan 2019. urte amaieran, hezegune bihurtzeko asmoz. Putzu horren inguruko dibulgazio ekitaldiak egingo dira aste honetan Zumaian. Hitzaldi, erakusketa eta irteera bana antolatu dituzte.

Gorostiagako ingurua hezegunea zen bere garaian. Orain hamarkada batzuk, ordea, autobidea egin zutenean bertan pilatu zituzten harriak eta lurra. Ondorioz, inguruan zeuden hezeguneak lehortu egin ziren. Eremu horretako biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzeko eta espezie mehatxatuei laguntzeko, duela urte eta erdi inguru ur gezarako putzua sortu zuten Garbigunearen eta Urola ibaiaren artean.

Putzu horrek ingurune horretako ekosisteman sortutako onuren inguruko dibulgazio ekintzak antolatu dituzte Zumaian. Ostegunean, hilaren 23an, Algorri Interpretazio Zentroan egingo dira, eta larunbatean, irailak 25, Gorostiagako hezegunean bertan. 

Ostegunean, Odonatoak: uraren hegoak izeneko erakusketa zabalduko da Algorri Interpretazio Zentroan. Astebetez izango da erakusketa Algorrin, eta harekin batera hitzaldi labur bat entzuteko aukera ere izango da. Urola Kostako bioaniztasun ezkutua: anfibio, narrasti, burruntzi eta sorgin orratzak du izenburua, eta hizlaria Ion Garin-Barrio izango da, Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia saileko kidea. Hitzaldia 19:30ean izango da, eta helburu nagusia Aranzaditik gauzatzen dituzten "hezkuntza eta dibulgazio ekintzak jendarteratzea da, herritarren zientziaren aipamena eginez". Hori guztiak kontatzerako orduan gizarteak gutxi ezagutzen dituen bizidunak erabiliko ditu hizlariak, "inguruko jendeak arreta berezia espezie hauetan jarri dezan".

Larunbatean, berriz, irailaren 25ean, Zumaiako hezegunetako hegalari ixilak irteera gidatua egingo da. Iñaki Mezquitak gidatua Zumaiako bi hezegune ezagutuko dira. Irteera Jadarre auzoko zubi ondotik abiatuko da goizeko 10:00etan.