Zumaiako Futbol Taldeko emakumezkoak, denboraldiari ekiteko prest

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ira. 18a, 18:00

Gipuzkoako Ohorezko Erregionalen mailan ariko da aurten ere emakumezkoen Zumaiako futbol taldea. Bihar jokatuko dute lehen neurketa, Urnietaren aurka, etxetik kanpo. 18:00etan hasiko da partida.

Aurreko urteko maiatzean hartu zuen taldea entrenatzeko ardura Jokin Gorostolak, eta denboraldi honetan ere bera ariko da lan horretan. Hiru baja izan dituzte aurreko sasoitik, baina jokalari gazteak hasi dira taldean, eta aurretik taldea utzita zeukaten beste hiru ere batu dira. “Uste baino jokalari gehiago izango gara taldean azkenean: hemeretzi”. Aurreko urtean emaitza onak lortu zituzten, eta aurten ere maila altua ematea espero dute: “Gure helburua lehen bosten artean ibiltzea da, baina, tira, ikusiko dugu denboraldia nola joaten den”.

Ligan aurrena geratzen den taldea Euskal Ligara igoko da, baina Gorostolak dio, printzipioz, Zumaiaren helburua ez dela hori. “Gure helburua urte ona egitea da, eta taldea apur bat sendotzea, oso gazteak baitira asko”. Izan ere, 16 eta 18 urte arteko jokalari asko daude taldean, beraz, formakuntzan sakontzea eta bizpahiru urte barrura begira talde sendoa osatzea dira Gorostolaren xedeak.