Xabier Osak eta Irati Osak urrezko domina irabazi dute Espainiako Kopan

Juan Luis Romatet 2021ko ira. 13a, 12:00

Maratoi ligako azken txapelketa jokatu zen larunbat arratsaldean Villaviciosan (Asturias). Ibai eta Zeharkaldien Espainiako Kopa izan zuten jokoan, hain zuzen.

Itxas Gaineko kide Xabier Osa eta Irati Osa aita-alabak izan ziren lehian, seniorretan, k2 mistoan. Pasa den apirilan jokatutako Espainiako Kopan urrezko domina lortu zuen bikote honek kategoria honetan. Asteburu honetan emaitza ona errepikatu dute. Irteeratik aldea zabaldu zuten, eta estropada osoan bakarrik joan ziren helmugara iritsi arte.

Aurtengo berrikuntza da kategoria mistoa, eta txapeldunek nabarmendu dutenez, maila handia izaten da. Etorkizunera begira nazioarte mailako txapelketetan sartu nahi dute kategoria hau, emakumeek zein gizonezkoek elkarrekin kirolaz gozatzeko aukera izan dezaten.