281 kasu positibo izan dira azken orduetan Hego Euskal Herrian

Bezperako datuekin alderatuta gorantz egin du Hegoaldean detektatutako positiboen kopuruak.

Egoera hobera doala ematen badu ere, birusak gure artean jarraitzen du. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroago Gobernuak emandako datuen arabera, atzo 281 kasu positibo detektatu zituzten Hego Euskal Herrian. Bezperako datuekin alderatuta, 11 kasu gehiago dira –269 positibo atzeman zituzten ostegunean lau lurralde hauetan–. Guztira, 6.104 PCR eta antigenoen proba egin zituzten atzo, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasa %4,9an kokatzen da; Nafarroakoa, berriz, %3,6an.

Lurraldeei dagokionez, 28 kasu izan ziren Araban, 128 Bizkaian, 77 Gipuzkoan eta 47 Nafarroan. Lurralde hauetatik kanpo bizi den pertsona batek ere positibo eman zuen atzo. 

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVIDaren ondorioz 29 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzak kudeatutako erietxeetan, eta COVIDa duten 58 pertsona ZIUn daude. Nafarroan, berriz, bi lagun ospitaleratu zituzten, eta ZIUn, gaur gaurkoz, 21 lagun daude.

Eusko Jaurlaritzak ez du herrietako daturik ematen asteburuetan; horien berri izateko astelehenera arte itxaron beharko da.