Aurrez aurreko jarduera berreskuratuko du Zumaiako Caritasek

Juan Luis Romatet 2021ko ira. 11a, 16:30

Ohar baten bidez azaldu duenez, Zumaiako Caritasek aurrez aurreko jarduera berreskuratuko du datorren astetik aurrera. Hala, arropategia zabalduko dute berriro, eta harrera ere egingo diete beharrean dauden pertsonei.

Baldintzek hobera egin dutela ikusita, aurrez aurreko jarduera normalizatzeko erabakia hartu du Zumaiako Caritasek, beti ere ezarritako protokoloak "zehatz-mehatz errespetatuz".

Hala, arropategia asteartero zabalduko dute aurrerantzean, hilaren 14tik aurrera. Zerbitzua 19:00etatik 20:00etara izango da zabalik. 

Ostiraletan, berriz, gizarte gai eta beharrei zuzendutako harrera zabalduko dute, 19:00etatik 20:00etara. Irailaren 17tik aurrera izango da martxan harrera hau. Beharra duten pertsonei aurretik dei egitea eskatzen die Zumaiako Caritasek, 608 30 91 15 edo 608 37 72 16 telefono zenbakietara deituta. Deitzen dutenei bete beharreko argibideak emango dizkiete. 

Caritasen proiektuan lagundu nahi duten pertsonei ere dei egiten diete. Aurrez esandako telefono zenbakietara dei egin dezakete interesatuta daudenei. Xehetasun guztien berri emango diete bertan.