Intzidentzia tasa 200 kasutik jaitsi da Zumaian

Azken orduetan beste koronabirus kasu bat zenbatu dute Zumaian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasak nabarmen egin du behera, eta %4koa da gaur-gaurkoz.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitara eman berri duen txostenaren arabera, Zumaian kasu positibo bat zenbatu dute azken orduetan. Behera egiten jarraitzen du intzidentzia tasak, eta 200eko langatik jaitsi da azken datu horrekin. Zehazki, 193,34koa da. 

Eskualdeko herrietan, guztira, hamar koronabirus kasu hauteman zituzten atzo. Kopuruak handiak ez diren arren, gora egin dute intzidentzia tasek hainbat herritan. Azkoitian, esaterako, lau positibo zenbatu zituzten atzo, eta igo egin da apur bat bertako intzidentzia tasa: 267,04ra, hain zuzen ere. Azpeitian bi kasu berri atzeman zituzten, eta herri horretan 243,10era igo da tasa. Orion ere, atzo positibo bakarra atzeman zuten arren, gora egin du adierazleak, nahiz eta oso baxua den (65,23).

Zarautzen kasu bat zenbatu zuten atzo, baina herri horietan behera egiten jarraitzen du intzidentzia tasak. 102,8koa da, hain zuzen ere. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez zuten kasu positibo berririk atzeman.

Zainketa intentsiboek, arintzera

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian atzo egin ziren 7.475 proben artean 316k eman zuten positibo. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan nabarmen egin du behera positibotasun tasak: %4koa da gaur eta %5,7koa zen atzo. Nafarroan, berriz, igo egin da: %4,4koa zen atzo eta %5,3koa gaur. Dena den, duela aste batzuetako tasarekin erreparatuta, nabarmen jaitsi da adierazlea Hego Euskal Herri osoan.

Ospitaleetatik ere berri onak datoz. Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan 38 ospitaleratze berri izan ziren atzo, baina COVID-19aren eraginez zainketa bereziak behar dituzten pertsonen kopuruak behera egin du. 62 lagun daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ZIUetan, atzo baino bederatzi gutxiago. Nafarroan, berriz, 22 dira zainketa intentsiboak behar dituzten gaixoak eta, denera, 69 dira COVID-19aren eraginez ospitaleratuta daudenak.