Hiru kasu detektatu ditu Osakidetzak asteburuan Zumaian

Andoni Elduaien 2021ko ira. 6a, 13:15

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, ostiraletik atzo, igandera, bitartean hamabost positibo zenbatu ditu Osasun Sailak eskualdean –24 zenbatu zituzten aurreko asteburuan–. 

Azpeitian detektatu dituzte positibo gehien: bost guztira –lau ostiralean eta bat atzo–. Hango intzidentzia tasa 216,82koa zen ostiralean, eta egun 229,96koa da; puntu gutxi batzuk gora egin du, beraz. Zarautzen, aldiz, lau positibo baieztatu ditu Osasun Sailak azken hiru egunetan –bat larunbatean eta hiru atzo–. Zarauzko kasu metatuen tasa 145,63koa zen ostiralean, eta orain 111,36koa da.

Zumaian, Azkoitian eta Orion ere atzeman ditu positiboak Osasun Sailak. Zumaian hiru positibo zenbatu zituzten larunbatean, eta 203,52ko intzidentzia tasa dute. Ostiralean baino hamar puntu baxuagoa da datua, beraz, 213,70ekoa baitzen orduan. Azkoitian, bestalde, bi positibo hauteman ditu Osasun Sailak, eta intzidentzia tasa ostiraleko kopuruetan mantendu da, 242,01ean zehazki. Orion, ostera, atzo hauteman zuten azken hiru egunetako positibo bakarra; eremu berdean dagoen eskualdeko herri bakarra da Orio, 48,92ko kasu metatuen tasarekin. Gainerako herrietan ez dute positiborik atzeman.

240 positibo Hegoaldean

Nahiz eta asteburuaren osteko datuak izan, Hego Euskal Herrian positibo kopurua behera egiten ari da egunez egun. Aurreko asteburuan, esaterako, 1.307 positibo zenbatu zituzten Hego Euskal herrian. Azken hiru egunetan, aldiz, 240 positibo detektatu dituzte. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa, berriz, 251,99koa da –286,54koa zen ostiralean–.

Atzo, 32 kasu atzeman zituzten Araban, 116 Bizkaian, 57 Gipuzkoan, 31 Nafarroan eta lau lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasa %5,7koa da 3.658 proba egin ondoren. Nafarroan, ostera, 711 proba egin zituzten, eta positibotasun tasa %4,4ean kokatu da.

Ospitaleei dagokienez, atzo 35 pertsona ospitaleratu zituzten Osakidetzaren mendeko erietxeetan, eta gaur-gaurkoz 193 lagun dira ospitaleetan gaixorik daudenak, joan den ostiralean baino ia ehun lagun gutxiago. Zainketa bereziak behar dituztenak, berriz, 71 dira; datu horrek ere behera egin du zerbait. Nafarroan, ostera, bi pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta 70 dira egoera horretan dauden herritarrak. ZIUn, berriz, 24 lagun daude.