Bizirik eta onik dago desagertutako erromesa

Gorka Zabaleta 2021ko ira. 5a, 10:54

Desagertutako erromesak Donejakue bidean aurrera jarraitu zuen bere kanpin denda, motxila eta ondasun guztiak Zumaian utzita, zenbait lekukok adierazitakoaren arabera. Onik dago eta ez du istripurik edo erasorik jasan.

Zumaiako udaltzainburu Iban Barbak Baleikeri jakinarazi dionez, hainbat egunez desagertutzat emandako erromesa onik dagoela ziurtatu ahal izan dute, zenbait lekuko zuzenek hala baieztatuta. 

Haren bila ibili eta gero, jakin ahal izan dute 46 urteko emakumeak bere erabakiz egin zuela aurrera Donejakue bidean, Zumaian kanpin denda eta bere ondasun guztiak utzita. Beste erromes batekin egin zuen aurrera bidean, eta bidean dagoen aterperen batean ere izan dute haren berri. Une honetan, bidean aurrera egin duen edo atzera Zumaiara bueltatuko ote den bere ondasunen bila, hori ez dago garbi.

Azken ordua (23:00): Ertzaintzak jakinarazi du Espainiako Poliziak Santanderren aurkitu duela emakumea eta, goizean aurreratu bezala, onik dagoela.