Beste bederatzi positibo zenbatu dituzte eskualdean, horietatik hiru Zumaian

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ira. 1a, 14:01

Eskualdeko herri guztiek eremu horian jarraitzen dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak behera egin du berriro, eta Bizi Berri IV planak kontuan harten dituen gainontzeko adierazleak ere hobetzen doaz apurka.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du koronabirusaren herriz herriko bilakaeraren berri ematen duen txostena, eta dokumentuaren arabera, eskualdean bederatzi positibo atzeman dituzte azken orduetan. Bederatzi horietatik lau kasu Azpeitian zenbatu dituzte, eta, ondorioz, apur bat gora egin du intzidentzia tasak, 243,10era. Hala ere, eremu horian jarraitzen du Azpeitiak, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako gainontzeko herriek bezala. Azkoitian mantendu egin da intzidentzia tasa; 191,94koa da, eta positibo bakarra zenbatu zuten herri horretan atzo.

Gainontzeko kasuak Zumaian (hiru) eta Zestoan (bat) zenbatu zituzten. Gainontzeko herrietan ez zuten positibo berririk atzeman atzo, eta 5.000 biztanletik gorako gainontzeko herrietan behera egin du intzidentzia tasak. 100eko langatik jaitsi da Orion (97,85), eta behera egiten jarraitzen du Zarautzen (158,48) eta Zumaian (244,23) ere.

Intzidentzia tasa, beheraka

Txostenak jasotzen dituen adierazle ia guztiek hobera egin dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, esaterako, beste hamalau puntu egin du behera azken orduetan, eta 312,81koa da egun.  Atzo, asteartea, 571 positibo zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian Osasun Sailak eta Osasunbideak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 7.041 proba egin zituzten, eta guztira, 432 positibo hauteman zituzten. Positibotasun tasa %6,1ekoa da lurralde horietan, atzo baino apur bat handiagoa. Nafarroan, aldiz, 1.427 proba egin zituzten atzo, eta 139 positibo detektatu; positibotasun tasa bikoiztu egin da han atzotik, %4,8koa baitzen atzo, eta %9,7koa gaurko datuen arabera.

Ospitaleen egoeren berri ere eman dute bi osasun sailek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 48 gaixo ospitaleratu zituzten, eta egun 212 pertsona daude ospitaleratuta Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan; ZIUetan, aldiz, 71 lagun daude. Nafarroan, ostera, bost pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta gaur 81 pertsona daude erietxean. 26 dira zainketa berezien unitatean dauden herritarrak.