Bihar zabalduko dute Zumaiako Musika eta Dantza Eskolan izena emateko epea

Mireia Galarza Bastida 2021ko ira. 1a, 10:00

Musika, dantza eta antzerki tailer "aukera zabala" eskainiko dute, eta irailaren 13an hasiko dira klaseak. Matrikulazioari dagokionez, online bidez egingo dituzte aurten. 

Ikasturte berriarekin batera, Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak matrikulazio epea irekiko du bihar, eta irailaren 7an itxiko dute izena emateko epea. Irailaren 13an hasiko dira klaseak, eta aurrez aurrekoak izango dira egoerak uzten duen neurrian.

Hain zuzen, tronpeta, tronpa, tronboia, bonbardinoa, pianoa, saxofoia, klarinetea, zeharkako flauta, eskusoinua, txistua, dultzaina, perkusioa eta oboea ikasteko aukera izango dute interesa dutenek. Aldi berean, musika tailerra, musika mintzaira, antzerkia, euskal dantza eta dantza garaikidea ere eskainiko dituzte. 

COVID-19aren pandemiak sortutako egoera dela eta, Musika eta Dantza Eskolako kideek azaldu dute telefonoz - 943-86 11 83 deituta - eta emailez -musikaeskola@zumaia.eus helbidera idatzita- egingo dituztela matrikulak. Hala ere, norbaitek "ezingo balu eta eskolara joan beharko balu", hitzordua hartzea "ezinbestekoa" izango da. Horretarako aukera izango dute herritarrek astelehenetan eta ostiraletan 11:00etatik 13:00ak arte, eta astearte, asteazken eta ostegunetan 17:30etik 19:30era. 

"Prestakuntza praktikoa" helburu

Arduradunek azaldu dutenez, helburu nagusiena edozein adinetako pertsonei antzerkia, dantza eta musika arloetan "prestakuntza praktikoa" ematea da, baita "interesa edo bokazioa duten pertsonei lanbide-heziketarako prestaketa ematea ere".

Gaineratu dutenez, egoerak uzten duen bitartean ekintzaz beteriko ikasturtea izango da datorrena: Xexili Astea, Inauteriak, San Telmoak, elkartrukeak, entzunaldi eta kontzertuak, dantzari txikiak... Helburua, azaldu dutenez, Zumaiako gizarte eta kultur bizitza aberastea eta dinamizatzea da.