Hogei parte-hartzaile izango dira bihar Beheko plazan egingo den azoka ekologikoan

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 26a, 08:42
Argazkia: Anboto.org

Azoka ekologikoa egingo da bihar goizean Eusebio Gurrutxaga plazan. Hogei ekoizle inguratuko dira Zumaiara azoka honetan parte hartu eta beraien produktuak saltzera.

Goizeko 10:00etan hasi eta eguerdiko ordu biak arte izango da martxan Zumaiako azoka ekologikoa, bihar Eusebio Gurrutxaga plazan. Biolur elkarteak Zumaiako Udalaren eta Urkome landa garapen elkartearen laguntzarekin antolatutako azoka hau lehendabizikoz egingo da Zumaian. Aurretik, Elorrio edo Zigoiti bezalako herrietan ere izan da.

Topagune honetan, barazkiak, ardi eta behi-gazta, eztia, gozoak, ogia, marmeladak, olioa, arrautzak eta sagarrak aurkitu ahal izango dituzte, besteak beste. Gainera, nekazaritza eta elikadura ekologikoari buruzko informazio-panelak ere izango dira bertan bisitarientzako.

Azokaren antolatzaileek ekimen hauen garrantzia azpimarratu dute. "Zumaian hasi eta Villabonan bukatuko den azoka hauen kanpaina nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren sustapenerako erakusleiho dira, eredu ekologikoak eta azokek duten balioa bistaratzea dute helburu. Gainera egun bizi dugun egoeran ezinbestekoa da ekoizpen eta kontsumo ereduan arreta jartzea, sektorearen iraunkortasuna eta ingurumena eta pertsonen osasuna erdigunean jarri nahi baditugu behintzat".