“Funtsezkoa da erakustea bisitariei gure hizkuntza, zein diren gure sustraiak”

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 24a, 15:08

Begi bistan enpresako arduradunetako bat da Jon Arratibel (Donostia, 1964). Hondartzako ontzi zerbitzuarekin hasi zen Zumaian lanean orain bi hamarkada, eta bisita gidatuak eta bestelako zerbitzuak kudeatzen ditu gaur egun.

Orain aste batzuk ikusi ginenean ez zeunden umorerik onenean eguraldia zela eta...

Hobetu da eguraldia, baina deigarria izan da. Ez dugu ia eguzkirik edo zeru urdinik ikusi; itsasoko haize asko ere bagenuen. Esan daiteke ez-uda bat izaten ari ginela.

Badira urte batzuk Zumaian zabiltzala lanean...

21 urte. Hondartzako ontzi zerbitzuarekin hasi ginen 2000ko ekainean, eta hortik bisitetara pasa ginen. Ibaiako bisitak egin genituen lehenbizi, eta handik zeharkaldietara pasa ginen, paisajistikora, orain geologikoa dena.  

Bi hamarkada hauetan asko aldatuko zen herria, baita sektorea bera ere.

Zumaia ezezaguna zen orduan. Urte edo garai on batzuk izan zituen, Amaia Hotelaren garaian, adibidez, baina gero, Getarian jende pila bat egoten zen bezala, Zumaiara ez zen inor etortzen. Horrek bazuen eragina, nik uste, herriko merkataritzan. Orain kalitatezko gune ugari ditugu herrian, gastronomiarekin lotutakoak asko, eta halako esfortzu bat egiten badute ekonomia aldetik probetxu bat ateratzeko aukera ikusten dutelako da. Taberna, jatetxe edo denda batean inbertitzen duenak negoziorako aukera ikusten duelako da; ez dirua galtzeko, krisialdi ugari igaro ditugu eta dagoeneko. Zumaiak duen gauza on bat da ekonomia mistoa duela, industria eta zerbitzuak, eta lortu behar dena da zerbitzuak kalitatekoak izatea, industriarekin gertatzen den bezala. Uste dut lortzen ari garela.

Zer nolako bisitariek hartzen dute parte bisitetan?

Euskal Herri mailan, Zumaiara etortzen denak ikuspuntu ekoturista bat du. Orokorrean diot; agian abuztuan etorriko da beste bisitari mota bat, baina normalean etortzen dena Lurraren historia jakiteko gogoz etortzen da. Bezero mota hori ikusten dugu, familiarekin etortzen dena.

‘Flyscharen ibilbidea’ zen lehen bisiten eskaintzako hitzordu garrantzitsuena. Oraindik ere izaera hori mantentzen du?

Puri-purian jarraitzen du. Klima aldaketa bat bizitzen ari gara gaur egun, eta Zumaian ikertzen den gertakarietako bat horixe da, klima aldaketa eta desagertze masiboak. Bisita askoren amaieran jendeak txaloka agurtzen gaitu, eta horrek lotsatu ere egiten gaitu. Oraintxe bertan hitz egiten ari garen gai batzuk aztertzen dira bisita hauetan, eta ikertu ere ikertu dira Zumaiako leku batzuetan.

‘Euskararen enigma’ bisita ere arrakastatsua suertatzen ari omen da.

Funtsezkoa da erakustea zer den gure hizkuntza, zein diren gure sustraiak. Hori da bisitariek nahi dutena. Niri gauza bera gertatzen zait nonbaitera joaten naizenean; herri horren errealitatea zein den jakin nahi izaten dut, zein den beraien sorrera. Agian beste bisita batzuk ikusgarriagoak izango dira, itsasontziko irteera ere badutelako, baina nik uste Euskararen enigma bisita hau badela oinarrizkoa.

Gero, ekimen pribatuak ere badaude. Hor dago itsas industriaren tresna ugari biltzen duen museo berria [Kantauri Itsas Ondarea museoa], eta hori Zumaiaren iragana eta oraina lantzeko oso baliagarria da. Erakusten digu Zumaia zergatik zein hain garrantzitsua itsas eraikuntzaren sektorean.

Berrikuntzarik ba al duzue bisitei dagokionez?

Elkano Talaia izango litzateke berrikuntza hori. Zumaia, Getaria eta Orio lotzen ditu ontziz, gero bueltan eramateko jatorrira. Hori dena Elkanoren mundu bira gai bezala hartuta. 

Bisita kopuruaren aldetik, pandemiak izan al du eraginik?

Eskolei dagokionez, ikastetxeetako bisitarik ez da izan azken urte honetan. Norbanakoekin ari gara lanean, Euskal Herrikoekin, baina baita inguruko beste erkidegokoekin ere. Gero, uda garaian, abuztuan eta, beste leku batzuetako jendea jasotzen dugu, eta azken urte honetan Espainiar Estatuko bisitariak ari gara jasotzen gehienbat. Agian, berotik ihes egiten etortzen zaizkigu!