Miarritzeko Urrezko Eskularrua irabazi du Imanol Lopezek

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 24a, 08:55

Miarritzeko Urrezko Eskularrua zesta punta txapelketako finala jokatu zen atzo Euskal Jai frontoian. 1.200 lagun bildu ziren pilotalekuko harmailetan partida eder bat ikusteko asmoz. 

Olharanek eta Basquek jokatu behar zuten Erkiaga eta Lopezen aurka, baina lehenak positibo eman zuen COVID-19aren proban, eta Ithurriak bete behar izan zuen haren lekua. 2009an txapelketa hau irabazi zuten Erkiaga eta Lopez ziren faboritoak, eta hamabi urteren ondoren bigarren txapel bat irabazi dute Miarritzeko frontoian. 

Erkiaga eta Lopez 0 eta 3 jarri ziren aurretik markagailuan lehen setaren hasieran, baina Ithurriak eta Basquek erreakzioa izan zuten, eta aurretik ere jarri ziren (5-3). Seteko une batzuetan bi bikoteak izan ziren aurretik, eta amaierara 14nako berdinketarekin heldu ziren. Azken tantoa, baina, urdinentzako izan zen, Erkiaga-Lopez bikotearentzako, eta ondorioz beraiek irabazi zuten lehen seta 14-15 emaitzarekin.

Ipar Euskal Herriko bikotea markagailuan eusteko gai izan da bigarren setaren hasieran (2-2, 3-4, 4-5), baina pilota biziarekin nagusi izan dira Erkiaga eta Lopez –bigarren set bikaina egin du zumaiarrak–, eta 9-15 emaitzarekin irabazi dute seta, partida eta txapelketa. 

Lopezek irabazten duen bosgarren Urrezko Eskularrua da hau. Lau jarraian irabazi zituen 2007tik 2010era bitartean, eta 11 urte ondoren bosgarrena poltsikoratu du.