Eremu laranjara pasatu da Zumaia intzidentzia tasa jaitsi ondoren

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 23a, 13:17

Eskualdeko herri bakarrak jarraitzen du eremu gorrian, Azpeitiak, Zumaia eremu laranjara pasa ondoren. Asteburu honetan lau izan dira herrian detektatutako kasuak. 

Ostiraletik igandera bitartean izandako kasu positiboen berri eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Beste 27 kasu detektatu ditu Urola Kostan, horietatik gehienak Zarautzen. Hamabi kasu atzeman ditu kostaldeko herri honetan hiru egun hauetan: sei ostiralean, lau larunbatean eta bi igandean. Hala ere, intzidentzia tasak behera egin du epe honetan Zarautzen, ostegunean zuen 351,22 puntutik 325,52ra, eta eremu laranjan jarraitzen du herriak. 

Laranja kolorera pasa den herria Zumaia da. Ostegunean 529,15 puntuko tasa metatua zuen, eta hiru eguneko epean 130 puntu jaitsi da. Gaur gaurkoz, 396,87 puntuko intzidentzia tasa deu Zumaiak. Positiboei dagokionez, hiru eguneko epean lau kasu berri izan dira, laurak ere larunbatean. 

Gorrian mantentzen den herri bakarra Azpeitia da, gutxigatik bada ere. 413,93 puntuko tasa du gaur egun herri honek. Asteburuan hiru kasu positibo berri ezagutu dira, hirurak ere igandean. 5.000 biztanletik gora eskualdean dauden beste bi herriak, Orio eta Azkoitia, eremu horian daude. Azkoitian bi kasu izan dira asteburuan –bana larunbatean eta igandean–, eta tasa metatua 150,21ekoa da; Orion, berriz, kasu bakarra izan dute, larunbatean, eta tasa 228,31koa du egunotan. Eskualdean beste hiru herritan izan dira positiboak: Zestoan eta Errezilen bina, eta bat Getarian.

Hego Euskal Herriari dagokionez, 450 kasu izan ziren atzo, egindako 4.922 probatan. %8,9ko positibotasun tasa izan zen atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %10,4koa Nafarroan. Araban 50 kasu izan ziren, 200 Bizkaian, 106 Gipuzkoan eta 87 Nafarroan. Beste lurralde batzuetako zazpi lagunek ere positibo eman zuten atzo. 

Ospitaleratuei dagokionez, gora egin dute Osakidetzako ospitaletaako Zaintza Intentsibotako Unitateetan ingresatutako lagunek: 82 lagun daude gaur gaurkoz ZIUetan. Nafarroan, berriz, 31 lagun daude unitate hauetan.