Valle de Buelnako triatloi olinpikoa irabazi du Helene Alberdik

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 23a, 11:13

Helene Alberdi triatletak beste garaipen bat erdietsi du, atzo Valle de Buelnako (Kantabria) triatloi olinpikoan lehena izan ondoren. 

1.480 metro igerian, 42,2 kilometro bizikleta gainean, eta azken 10,65 kilometro lasterka. Valle de Buelnako triatloi olinpikoan parte hartu zuten kirolariek distantzia horiek bete behar izan zituzten atzo. 

Alberdik, ohi duen bezala, burua hartu zuen lehen probarako, eta 19:49 denborarekin amaitu zuen igeriketa proba. Txirrindularitza proban bigarren sailkatuarekiko aldea handitzen joan zen, eta 1:16:40 denborarekin amaitu zituen bizikleta gaineko 42 kilometroak. Azken korrika saioan ere nagusi izan zen zumaiarra, eta 42:57 denborarekin amaitu zuen triatloiko hirugarren zatian. Guztira, 2:22:32 denbora egin zuen Alberdik atzo Kantabrian. Bigarren izan zen Paula Garciari 11 minutu eta 39 segundoko aldea atera zion.