Bost kasu positibo izan dira azken orduetan Zumaian

Aritz Mutiozabal 2021ko abu. 20a, 13:58

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, beste bost kasu positibo detektatu zituzten atzo Zumaian. Hala ere, intzidentzia tasak beherantz jarraitzen du herrian. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitara emandako datuen arabera, hemezortzi kasu atzeman dituzte azken orduetan Urola Kostako herrietan. Herenegun zenbatutako kasuekin alderatuta ia bikoiztu egin da kopurua, hamar positibo izan baitziren asteazkenean, eta honek, nolabait esateko, azkenaldian zeraman beheranzko joera eten du. Batez ere, bi herri handitan zenbatu dituzte kasu gehien: Azpeitian zazpi kutsatze detektatu dituzte, eta Zumaian, berriz, bost. Edonola ere, bi udalerrietako intzidentzia tasak beherantz egin du, eta Azpeitian 643,89an kokatu da eta Zumaian 529,15ean.  Aipatu bi herriak dira gaur-gaurkoz eremu gorrian dauden Urola Kostako bakarrak. 

Gainerakoan, bina kasu positibo baieztatu dituzte Getarian eta Zarautzen, eta bana Azkoitian eta Orion. Eremu gorritik laranjara igaro da berriki Zarautz, eta 351,22ra jaitsi da bere tasa. Azkoitiak –200,28 puntu– eta Oriok –244,62– eremu horian jarraitzen dute.  Herri txikietan, berriz, ez da gorabeherik izan: Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zestoan ez da kasurik egon azken orduetan. 

Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian, guztira, 7.008 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzokoan, eta horietatik 746k eman zuten positibo emaitzetan. Lurralde bakoitzari dagokionez, Bizkaian zenbatu zuten kasurik gehien (325), eta gero, Gipuzkoan (171), Nafarroan (137) eta Araban (110). Osasun Sailak emandako datuen arabera, beste hamahiru kasu hauteman zituzten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik kanpo bizi direnen artean. Positibotasun tasa %11,2koa da gaur-gaurkoz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %9,4koa Nafarroan. 

Une honetan, 237 lagun daude gaitzak jota Osakidetzaren mendeko erietxeetan, atzo baino lau gutxiago. Zaintza Intentsiboen Unitateetan, berriz, 77 lagun daude, atzo baino bat gutxiago. Nafarroan, berriz, 97 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 26 ZIUn.