Donibane Lohizuneko Grand Slameko finalera sailkatu da Goikoetxea

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 20a, 11:00

Donibane Lohizuneko Grand Slameko lehen finalerdia jokatu zuten atzo leporaino bete zen Campos Berri pilotalekuan. 2.000 lagunek bete zituzten frontoiko harmailak zesta puntak eskaintzen duen ikuskizunaz gozatzeko gogoz.

Iñaki Osa Goikoetxeak eta Jerome Portetek osatutako bikoteak Jean Olharan eta Thibault Basque izan zituen aurkari Donibane Lohizuneko Grand Slameko finalerako txartela eskuratzeko lehian. Aurrelari zumaiarrak eta Pamierseko atzelariak bi setetan irabazi zuten norgehiagoka (13-15 eta 12-15), eta, ondorioz, finalera sailkatzen den lehen bikotea da. 

Datorren asteartean jokatuko dute bigarren finalerdia Erkiaga-Lopez eta Ithurria-Lekerika bikoteek. Finala abuztuaren 26an jokatuko da. 

Atsedenerako denborarik ez

Zesta puntako jokalariek ez dute atseden handirik hartzeko denborarik. Hala, Imanol Lopez zumaiarrak Paueko Grand Slameko finalerdia jokatuko du gaur: Erkiagarekin bikotea osatuta, Ithurria eta Lekerika izango ditu aurkari. 

Datorren astelehenean, berriz, hilaren 23an, Miarritzeko Urrezko Eskularruko finala jokatuko da Euskal Jai frontoian. Imanol Lopezek Erkiaga izango du kide aurreko koadroetan, eta Olharan-Basque bikotea izango du aurkari. 

Igandean, berriz, Lekeitio Hiria txapelketako finalaurrekoak jokatuko dira, eta han izango dira Zumaiako bi puntistak. Lehen finalerdian, Arbe eta Lopez Hormaetxea eta Aimarren aurka neurtuko dira, eta bigarrenean, Goikoetxea eta Manci Beaskoetxea eta Del Rioren aurka.