Gernikako Grand Slamik gabe geratu da Imanol Lopez

Baleike 2021ko abu. 17a, 10:05

Gernikako Grand Slameko finala jokatu zen atzo eguerdian. Erkiaga eta Lekerikak jantzi zituzten txapelak partida berdindu bat irabazi ondoren. 

Erkiaga eta Lekerika Barandika eta Imanol Lopez zumaiarraren aurka neurtu ziren Gernikako Grand Slameko finalean. Gernikako Jai Alai frontoiko harmailek itxura bikaina erakutsi zuten beste behin ere, eta salgai jarritako 800 sarrerak agortu ziren. 

Final berdindua aurreikusten zen, eta hala gertatu zen. Lehen setaren hasieran ez zen inor nagusitu, eta berdinketak izan ziren markagailuan. Une batean, Erkiagak eta Lekerikak lau tantoko tartea zabaldu zuten (8-4), baina Barandikak eta Lopezek zortzi tantora berdintzea lortu zuten. Aurretik jartzea ere lortu zuten atzo urdinez aritu ziren Barandikak eta Lopezek (10-12, 11-13, 13-14), baina Erkiagak egindako bi tantoei esker, gorriek irabazi zuten lehen seta: 15-14.

Bigarren seta ere berdindua izan zen lehen tantoetan, baina aurrekoan ez bezala, hemen gorriek lortu zuten tartea zabaltzea (12-9, 13-10). Barandikak eta Lopezek 13 tantora berdindu zuten markagailua. Zaletuek ez zuten partida amaitzea nahi, baina gorriek ez zuten berdin pentsatzen, eta azken bi tantuak poltsikuratu zituzten (15-13), eta, ondorioz, txapela ere bai.