Zumaiako Musika Jaialdia 2021

Musika Jaialdiaren balorazio baikorra egin du udalak

Maria Maya Manterola 2021ko abu. 12a, 11:00

Azken ekitaldiaren faltan, balorazio baikorra egin du Zumaiako Udalak. Nabarmendu dute ekitaldi guztiak egin ahal izan direla, eta ekitaldi horietako sarrera ia guztiak aurrez ahitu direla.

Gaur amaituko da Zumaiako 37. Musika Jaialdia, dantza garaikidearen ikuskizunarekin: bi lan ikusteko aukera izango da Odieta frontoian: Xabier Zeberioren eta Amaia Elizaranen Out, eta Larrua proiektuaren Idi begi

Azken ekitaldiaren faltan, jaialdiaren balorazio baikorra egin du Zumaiako Udaleko Kultura Sailak. Nabarmendu nahi izan dute ekitaldi guztiak egin direla, eta eskerrak eman nahi izan dizkiete hitzorduetara joan direnei. Izan ere, ia emanaldi guztietan aurrez agortu dira sarrerak, eta herritarren erantzuna oso ona izan da, udaren arabera.

Esker hitzak izan dituzte artistentzat eta herriko elkarteentzat ere, "egoera eta baldintzetara egokitu direlako". Herriko elkarteak –Zumaiako Udal Musika Banda, San Pedro abesbatza, Sapere Aude Sinfonietta– jaialdia antolatzeko aholkularitzan aritzeagatik eskertu nahi izan dituzte, batetik; eta baita "kontzertuetako goi mailagatik", bestetik. 

Bestalde, udalak azpimarratu du programazioa antolatzerako orduan hainbat irizpide aintzat hartu dituztela. Ikusle ezberdinei zuzendutako askotariko musika estiloak entzun ahal izan dira jaialdiaren barruan: abesbatza, orkestra, banda, pianoa, jazz-latinoa, dantza, haurrentzat ikuskizunak... Euskal musika eta euskal sortzaileak ere beren presentzia izan dute jaialdian, esaterako, Iker Gonzalez zumaiarrak edota euskal musikan oinarritutako Aldapeko taldeak.

Eta, amaitzeko, udalak aipatu du emakumeen protagonismoa ere bermatu dutela jaialdiko hitzorduetan. Hain justu ere, ekitaldietan parte hartu dute Maria Zubimendi akordeoi jotzaileak, Judith Jauregi piano jotzaileak Liudmila Matsyurak eta Sapere Aude Sinfonietta zuzendu duen Carmen Maria Brito Lopezek, besteak beste. Hurrengo jaialdira begira, egoerak ahalbidetzen badu, formatu handiagoetara itzultzeko saiakera egingo dute.