Gora egin du berriz ere azken orduetan hautemandako koronabirus kasu kopuruak

Maria Maya Manterola 2021ko abu. 11a, 13:23

Zortzi kasu hauteman zituzten atzo Zumaian. Hala eta guztiz, behera egin du intzidentzia tasak atzotik, 834,44tik 722,50era. Hego Euskal Herrian bere horretan jarraitzen du ospitaleratutako gaixoen kopuruak.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu du dagoeneko herriz herriko egoeraren berri dakarren txostena, eta emandako datuen arabera, zortzi kasu hauteman dituzte Zumaian azken orduetan. Herenegun kasu bakar bat zenbatu zuten, baina kasu kopuruan gorakada izan arren, behera egin du intzidentzia tasak, 834,44tik 722,50era.

31 kasu hauteman dituzte azken orduetan Urola Kostako herrietan. Herenegun zenbatutako kasuen ia bikoitza da hori, hamasei positibo izan baitziren astelehenean bailarako herrietan. Batik bat, herri handietan zenbatu dute kasu gehien: Azpeitian hamabi izan dira detektatutako kasuak, eta 5.000 biztanletik gorako herrien artean, intzidentzia tasak gora egin duen herri bakarra da. Hain justu ere, 841ekoa zen intzidentzia tasa atzo, eta 867,28koa da gaur. Zortzi kasu detektatu zituzten, bestalde, Zarautzen.  

Azkoitian, berriz, bi kasu zenbatu zituzten atzo, baina egunez egun beheranzko joerari eusten dio intzidentzia tasak, eta gaur gaurkoz, 492,36ko tasa du. Herri txikietan, berriz, ez dute gorabehera handirik izan: Getarian bi kasu zenbatu dituzte, eta bat Errezilen. Ez da kasu berririk izan Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Orion eta Zestoan. Orion, gainera, 400etik behera egin du intzidentzia tasak, eta eremu laranjara igaro da herria.

Ospitaleetan egoera berdin

Hego Euskal Herrian, guztira, 9.706 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzokoan, eta horietatik 916k izan zuten emaitza positiboa. Lurraldez lurralde, Bizkaian zenbatu zuten kasurik gehien (393), eta gero, Nafarroan (229), Gipuzkoan (193) eta Araban (87). Osasun Sailak emandako datuen arabera, beste hamalau kasu hauteman zituzten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren pertsonen artean. Positibotasun tasak bere horretan jarraitzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –%9,1koa da–, eta atzotik puntu bat behera egin du Nafarroan –%11,7tik %10,7ra, hain zuzen ere–. 

Ospitaleratzeei dagokienez, gaur gaurkoz 282 lagun daude izurriak jota Osakidetzaren mendeko erietxeetan, atzo baino hiru gehiago. Zaintza Intentsiboen Unitateetan, berriz, 67 lagun daude, atzo baino bi gutxiago. Nafarroan, berriz, 96 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 23 ZIUn.