Zumaiako Musika Jaialdia 2021

Giuseppe Verdiren opera proiekzioa izango da bihar Aita Marin

Maria Maya Manterola 2021ko abu. 9a, 11:15

'Nabucco' opera emanaldia proiektatuko dute Aita Mariko zine aretoan, Musika Jaialdiaren barruan antolatutako emanaldian. Aretoan bertan eskuratu ahal izango dira sarrerak emanaldiaren aurretik, 5 euroan. 

Musika Jaialdiaren barruan, opera proiekzioa izango da bihar, asteartea, Aita Mariko zine aretoan. 19:30etik aurrera, Giuseppe Verdiren Nabucco lana ikusteko aukera izango da. Saiorako sarrerak aretoan bertan izango dira salgai, 5 euroren truke. Leihatila 18:30ean zabalduko dute, eta aretoa, 19:10ean.

Nabucco-k ireki zuen Verona Arena Festival jaialdiaren 2017ko edizioa, Arnaud Bernarden eszenaratze berri batean. Opera hau lau ekitalditan banatuta dago Temistocle Soleraren libretoari jarraituz. Antzinako Babilonia irudikatzen du bere gailurrean, eta, Zacharia apaizaren laguntzarekin, beren askatasunaren eta fede erlijiosoaren alde borrokatzen duten esklabo juduen istorioa kontatzen du.

1842an Scala di Milanon sortua, Nabucco Giuseppe Verdiren lehen arrakasta handia izan zen. Italian garai hartan mugimendu nazionalista pil-pilean zegoen, eta ikusleak berehala identifikatu ziren Babilonian gatibu dauden hebrearrekin; ondorioz, opera hiru hilabetetan berrogeita hamazazpi aldiz eman zuten, hasiera batean aurreikusita zeuden zortzi antzezpenen ordez. Va, pensiero, esklaboek kantatzen duten korua, operaren historiako doinu ospetsuenetako bat da.