Zumaiako Musika Jaialdia 2021

Euskal musika tradizionala jazz latinoaren galbahetik pasatuta

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 8a, 09:03

Aldapeko Basque Latin Jazz taldea arduratu zen Zumaiako Musika Jaialdia ixteaz, emanaldiei dagokionez –oraindik ere opera proiekzioa eta dantza garaikide saioa geratzen dira–. 

Zumaiena ikastetxeko areto zaharra Habanako dantzaleku bihurtu zen atzo –entzuleek dantza besaulkitik mugitu gabe egin behar izan bazuten ere– Aldapeko Basque Latin Jazz taldeak Zumaiako Musika Jaialdiko egitarauaren barruan eskaini zuen emanaldiari esker. Taldearen izen berak argi uzten duen bezala, Imanol Iribarren pianistak sortutako proiektu honek jazz latinoaren galbahetik pasatzen ditu euskal abesti tradizionalak. 

Zortzi lagunez osatutako taldea heldu zen atzo Zumaiara, baina hasierako abestian lau lagun bakarrik atera ziren agertokira, kubatar erritmoez jantzitako Agurra jotzera. Inork emanaldian zer aurkituko zuen zalantzari bazuen, lehen kantak duda guztiak uxatu zituen. Tronboi eta tronpeta jotzaileak eszenatorikira atera zirenean, dantzarako gogoa areagotu zen.

Euskal abesti tradizionalek osatu zuten taldearen errepertorioa, Lagrimas negras izan ezik, denak ere jantzi berriekin apainduta. Txalo zaparrada bat bestearekin atzetik jaso zuen taldeak, entzulegoa gustura zegoenaren seinale.