Zumaiako Musika Jaialdia 2021

Kontzertu aparta eskaini dute Judith Jaureguik eta Jesus Reinak Parrokian

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 7a, 08:00

Zumaiako Musika Jaialdiak Donostiako Musika Hamabostaldiarekin duen hitzarmenari esker, bi emanaldia entzun ahal izan dira aste honetan Zumaian: asteartean Ludmila Matsyura organistaren txanda izan zen; atzo Judth Jauregui pianista eta Jesus Reina biolin jotzailearena.

Jaialdiko emanaldi askorekin gertatu bezala, kontzertu honetarako gonbidapenak berehala agortu ziren, eta atzo iluntzean San Pedro Parrokira bertaratu ziren musikazaleek saio bikain batez gozatu ahal izan zuten. Schumann, Saint-Saëns, Chausson eta Francken lanak jo zituen bikoteak. Txalo zaparrada batekin agurtu zituzten entzuleek musikariak.

Gaur Aldapeko Basque Latin Jazz taldearen txanda izango da Zumaiako Musika Jaialdiaren barruan. Kontzertua Zumaiena ikastetxeko aretoan izango da, 20:00etatik aurrera. Gonbidapenak eskuragarri daude oraindik Zumaiako turismo bulegoan, doan.