Zumaiako Musika Jaialdia 2021

Azken txanpan sartu da Zumaiako Musika Jaialdia

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 6a, 11:37
Asteazkenean Odietan egin zen 'Cajita de música' haurrentzako dantza saioaren une bat. Argazkia: Juan Luis Romatet

Atzoko atseden egunaren ondoren, bueltan da Zumaiako 37. Musika Jaialdia. Geratzen diren ia ekitaldi guztietarako gonbidapenak agortuta daude, biharko jazz emanaldirako izan ezik.

Zumaiako 37. Musika Jaialdia azken txanpan sartu da. Atzoko atseden egunaren ondoren, kontzertuak, opera proiekzioak edota dantza saioak izango dira datozen egunotan. 

Judith Jauregui pianistaren eta Jesus Reina biolin-jotzailearen kontzertua izango da gaur parrokian, 20:30etik aurrera. Robert Schumannen, Camille Saint-Saënsen eta César Francken obrak joko dituzte. Kontzertu hau Donostiako Musika Hamabostaldiarekin elkarlanean antolatu du Zumaiako jaialdiak. Gonbidapenak agortuta daude.

Aldapeko Basque Latin Jazz taldearen txanda izango da bihar, larunbata, 20:00etatik aurrera. Emanaldi hau Zumaienako patioan zen egitekoa, baina eguraldiaren iragarpenak ez dira onenak, eta ikastetxeko aretora mugitu dute. Talde hau Imanol Iribarrenen proiektu pertsonal gisa jaio da, non euskal musika tradizionalak erritmo latinoekin eta jazz harmoniekin bat egiten duten. Kontzertu honetarako geratzen dira gonbidapenak, turismo bulegoan. 

Asteartean, abuztuaren 10ean, opera proiekzioa egingo da Aita Mari zine aretoan. 19:30etik aurrera, Giuseppe Verdiren Nabucco maisulana ikusteko aukera izango da. Lan honekin ireki zuten Verona Arena Festival jaialdiaren 2017ko edizioa, Arnaud Bernarden eszenaratze berri batean. Saiorako sarrerak aretoan bertan izango dira salgai, 5 euroan. 

Dantza garaikideak hartuko du jaialdiaren aurtengo edizioa ixteko ardura. Abuztuaren 12an, osteguna, 20:00etatik aurrera, bi lan ikusteko aukera izango da Odieta frontoian: Xabier Zeberioren eta Amaia Elizaranen Out, eta Larrua proiektuaren Idi begi. Saio honetarako gonbidapenak ere agortuta daude.