Pilota txapelketa herrikoietarako izen ematea zabaldu dute

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 8a, 11:00

Esku pilota eta pala txapelketa herrikoiak jokatuko dira irailetik aurrera Odieta frontoian. Parte hartzeko izen-ematea zabalik dago jada. 

Osasun egoera aldrebes honetan normaltasun puntu bat bilatu nahian, esku pilota eta pala txapelketa herrikoiak antolatu ditu Zumaiako Pilota Elkarteak. Txapelketak irailean hasiko dira eta, printzipioz, urrian amaitzea da helburua. 

Iaz ere antolatu zituen Pilota Elkarteak txapelketa herrikoi hauek, eta finalerdietan bertan behera utzi behar izan zituen COVID-19aren izurriteak okerrera egin ondoren. Aurten, txapelketak hasi eta bukatuko dituztela espero dute antolatzaileek. Pilotariak beraiek "gogotsu" daudela azaldu dute Pilota Elkarteko kideek. 

Txapelketa hauetan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago jada. Eskuz binakako txapelketan parte hartzeko 652 716 946 telefonora (Ander Odriozola) deitu edo idatzi daiteke; pala binakako kasuan, 666 425 640 telefonora (Ibon Ruiz) deitu edo idatzi beharko da. Elkartearen zpelkartea@gmail.com helbidera ere idatzi daiteke izenak emateko.

Izenak emateko epea abuztuaren 31n itxiko da.