Goikoetxea edo Lopez? Zein sailkatuko da Gernikako Grand Slameko finalerdietara?

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 7a, 08:00

Jardunaldi garrantzitsua biziko dute gaur Gernika Grand Slamean. Finalerdietara zer bikote sailkatu diren erabakiko da jokatuko diren bi partidatan. Norgehiagokak ETBk emango ditu.

Ligaxkako hirugarren jardunaldia jokatuko dute gaur Gernika Jai Alai frontoian. Jardunaldi honetan erabakiko da zer lau bikotek jokatuko dituzten finalerdiak, eta zer bi bikote geratuko diren kalean. Oraingoz, bikote bakarrak du txartela eskuan: Erkiagak eta Lekerikak osatutakoak. 

Bi partida hauek jokatuko dira, 21:00etik aurrera:

  • Hormaetxea-Zabala / Beaskoetxea-Del Rio
  • Goikoetxea-Etxeto / Barandika-Lopez

A multzoan oso estu daude gauzak. Goikoetxeak eta Etxetok partida bat jokatu dute, Olharan eta Aldazabalen aurka, eta 2-1 emaitzarekin irabazi zuten. Barandikak eta Lopezek ere partida bat jokatu dute, hauek ere Olharan eta Aldazabalen aurka, eta 2-1 emaitzarekin galdu zuten. 

Emaitza hauek kontuan hartuta, Goikoetxeak eta Etxetok partida irabazten badute, beraiek eta Olharan-Aldazabal pasako dira finalerdietara. Berdin dio 2-0 edo 2-1 emaitzarekin irabazten duten. Aldiz, Barandikak eta Lopezek 2-0 emaitzarekin irabazten badute, hauek eta Olharan-Aldazabal pasako dira finalerdietara. Baina, Barandikak eta Lopezek 2-1 emaitzarekin irabaziko balute, hiru bikoteen arteko berdinketa izango litzateke, eta hor tanto-averagea erabiliko litzateke berdinketa hausteko. Gaur egun, honela dago hiru bikoteen arteko tanto-averagea:

  • Goikoetxea-Etxeko: garaipen bat, eta +6.
  • Olharan-Aldazabal: garaipen bat, eta -5
  • Barandika-Lopez: garaipenik ez, eta -1

B multzoan errazago daude gauzak. Erkiaga eta Lekerika sailkatuta daude dagoeneko, bi partidak 2-0 emaitzarekin irabazi ondoren. Beaskoetxea-Del Riok eta Hormaetxea-Zabalak larunbatean jakingo dute aurrera egingo duten, edo ez. Irabazten duena finalerdietara sailkatuko da multzoko bigarren bezala; bestea, etxera joango da.