Autokarabanentzako gunea prestatuko du udalak Urola plazan

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 4a, 09:19

27 autokarabanarentzako lekua izango du Estazioko industrialdean atonduko duten espazioak. Ibilgailu horien egonaldia arautzeko ordenantza idatzi du udalak.

Urtetik urtera areagotu egin da Zumaiara etortzen diren autokarabanen kopurua, eta ibilgailu horien egonaldia arautzeko ordenantza idatzi du Zumaiako Udalak. Pasa den astean egindako plenoan behin-behinekoz onartu zuten. Bilkuran, ibilgailu horientzako gune berezi bat atonduko dutela iragarri zuen Alex Oliden zinegotziak. Horretarako lanak irailean hasiko direla aurreikusten da.

Gaur egun, autokarabana askok Estazioko industrialdeko Ikatz plazan aparkatzen badute ere –baita beste auzune batzuetan ere, Puntanoetan kasu–, gune horrek ez du ibilgailu horien erabiltzaileentzako moduko zerbitzurik eskaintzen: ez dago komunik inguru horretan, ezta garbitzeko lekurik ere. Ibilgailu horiek herrian zehar egiten dituzten joan-etorriak arautzeaz gain, haientzako egokia den leku bat prestatzea du helburu udalak Urola plazan, Ikatz plazatik metro gutxira.

"Urola plazan kamioiak ere aparkatzen dituzte. Haien jabeekin hitz egin dugu, eta hemendik aurrera Ikatz plazan aparkatuko dituzte kamioiak", azaldu du Oliden zinegotziak. Kamioiak aparkatu ahal izateko marrak margotzen ari dira egunotan. Ikatz plazan autokarabanentzako neurriko aparkaleku gutxi batzuk ere prestatuko dituztela gaineratu du Olidenek, "errio aldera", baina ez dituzte Urola plazako zerbitzuak izango.

Izan ere, plaza horretan, Urola plazan, 27 autokarabanarentzako gunea egokituko dute. "Helburua gune itxi bat izatea da, baina, hasiera batean, ez du itxiturarik izango. Komun publikoak izango ditu, garbitzeko lekuak, baita ur zikinak isurtzeko lekua ere". Komun publikoek inguru horretatik pasako diren pertsonei ere zerbitzua eskainiko diete.

Urola plazako autokarabanen gunea ordainpekoa izango da – 10 euro eguneko–, eta ibilgailuak bertan uztea erabakitzen duten erabiltzaileek akanpatzeko aukera ere izango dute. Gaur egun Zumaian ezin da inon akanpatu; debekatua dago. Urola plazan izango dute aukera hori. Ez, ordea, Ikatz plazan. "Haiek ezingo dute akanpatu, eta ez dute zerbitzurik izango; horretarako Urola plazako gunera joan beharko dute".

Autokarabanentzako ordenantza idazteko iritzi eta ekarpen ugari jaso dituztela azaldu du Olidenek. "Autokarabanen elkarteena, kanpinen lagunena... Beste herri batzuetan dituzten araudiak ere aztertu ditugu, eta Zumaiara egokitu ditugu". Ordenantzari helegiteak aurkezteko epea zabalik dago, eta behin horiek aztertzen dituztenean, araudia irailerako onartuta egongo dela espero dute.

Zirkulazio ordenantza

Autokarabanen ordenantza idazteaz gain, zirkulazioari dagokiona ere berritu du udalak. "Hogei urte zituen eta zaharkitua zegoen". Behin zirkulazio ordenantza indarrean sartzen denean, autokarabanek ezingo dute auto normalen lekuetan aparkatu, "handiagoak direlako". Ibilgailu horiek Estaziora bideratzeko bide seinaleak ere jarriko dituztela aurreratu du zinegotziak.