Mendaro kapitainaren taula botiboaren erreplika jarri dute parrokian

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 3a, 20:00

Mendaroren Taula Botiboaren erreplika, parrokian.

San Pedro parrokiak gordetzen duen altxorretako bat da Taula botiboa. Itsas museoan erakutsi ondoren, Aldundia ari da artelan hau zaharberritzen. Bitartean, haren erreplika jarri dute parrokiare alboko kaperan.

Zumaiako San Pedro parrokiako taula botiboak bi zati ditu. Goialdean Ama Birjina agertzen da, haurtxoarekin. Ezkerraldean San Pedroren irudia ageri da, eta bere aldamenean, belauniko, taularen emailea, Juan Martínez de Mendaro, Zumaiakoa bertakoa. Eskuinaldean Santa Katalinaren irudia ikusten da, liburu bat irakurtzen, eta haren atzean gizonezko baten burua.

Beheko zatian, nabigatzen ari diren ontziak ikusten dira. Uste denez, Juan Martinez de Mendarok zuzendutako ontzien garaipena irudikatzen du.1475. urtean Gibraltarreko itsasartean, portugaldar eta genovar armaden aurkako garaipena irudikatzen du artelan honek. Ezkerreko ontziak Portugalgo armarriak ditu, eta eskuinekoak Gaztelakoak.

Artelariek eta historiagileek obra berezitzat jotzen dute, kontserbazio-egoera onean egoteagatik eta ikuspegi historiko eta dokumentalagatik duen garrantziagatik.

Taula hau Donostiako Itsas museora eraman zuten, 2019aren amaieran, Elkanoren mundu biraren 500. urteurrenaren harira antolatu zuten erakusketa baterako. Behin erakusketa amaitu zenean, Aldundiko Gordailuko zuzendaria eta Itsas Museoko zuzendaria Zumaiara inguratu ziren  eta sakoneko zaharberritze bat proposatu zuten. Taulak kaperan uzten duen hutsunea bete nahian, haren erreplika jarri dute gaur parrokian.