Beheranzko joera hartu du intzidentzia tasak Zumaian

IƱigo Gaiton 2021ko abu. 3a, 13:39

Bi izan dira azken orduetan Zumaian detektatutako kasu positiboak. Intzidentzia tasa 30 puntu jaitsi da egun bakarrean: herenegungo 1058tik atzoko 1027ra. Eskualdean, baina, 34 kasu zenbatu dituzte.

Urola Kosta eskualdean 34 positibo izan dira azken orduetan. Zarautzen izan dira positibo gehien: 15 detektatu dituzte han azken orduetan, baina intzidentzia tasak behera egin du zertxobait, eta 749,56an kokatu da. Eremu gorrian jarraitzen du herriak. Azkoitian, berriz, bederatzi positibo atzeman dira, eta intzidentzia tasak behera egin du han apur bat, 759,41ean kokatuz.

Azpeitian, berriz, sei izan dira kasu positiboak, eta intzidentzia tasak gora egin du pixka bat, 795,01 arte. Zumaian bi positibo detektatu dituzte, eta 1027,78ko tasarekin eremu gorrian jarraitzen dute han, Azpeitian bezalaxe.

Getarian —848,06— eta  eta Zestoan —898,82— positibo bana zenbatu da azken orduetan. Aian —503,78—, Aizarnazabalen —130,04—, Beizaman —806,45— eta Orion —913,24 tasarekin eremu gorrian—, aldiz, ez da kasu positiborik detektatu atzo egindako frogetan.

1.113 kasu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian 11.631 froga egin zituzten atzo, eta horietatik 1.113 positiboak izan dira. Araban 110 detektatu dituzte, Bizkaian 476, Gipuzkoan 300 eta bizitokia beste toki batena duten pertsonen artean beste 20. Erietxeen egoerari dagokionez, atzo koronabirusak jotako 56 lagun gehiago ospitaleratu zituzten Osakidetzaren mendeko ospitaleetan. Gaur gaurkoz, 240 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19aren ondorioz, horietatik 63 ZIUetan (herenegun baino 3 gehiago).

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu duenez, datuak “kezkagarriak” dira oraindik, baina aitortu du badela baikortasunerako motiborik, kasuen intzidentzia metatuan igartzen ari den beherakadarengatik. Oraindik goiz dela aitortu du, joera aldaketa bat gertatzen ari ote den baieztatzeko.