Urrezko eta brontzezko domina banarekin itzuli da Irati Osa Espainiako Esprint Txapelketatik

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 3a, 11:53

Piraguismoko Espainiako Esprint Txapelketa jokatu zen Verducidoko pantanoan (Galizian) ostegunetik igandera bitartean. 

Irati Osa zumaiarrarentzat ohikoak baino laburragoak diren distantziak dira esprint modalitatekoak. Maratoi distantziako estropadak prestatzen aritzen da, baina, hala ere, distantzia laburretan ere muturrean dabilela erakutsi du Osak Galizian. 

Ostiralean, k1 1.000 metroko eta 500 metroko sailkatze estropadetan aritu zen, guztietan finalera iritsiz.

Larunbatean, berriz, k2-ko eguna izan zen eta bertan, Begoña Lazkano Donostia Kayakeko bikotekidearekin ontzia osatuta, bi domina lortu zituen: K2 1.000 metroko distantzian urrea lortu zuten hasieratik lehiaketaren buru izanda; K2 500 metrotan, berriz, brontzezko domina lortu zuten.

Unai Azkune izan dute laguntzaile estropada hauetan.