UDAKO LURRINAK

Iritzia: uda haiek

Baleike 2021ko abu. 9a, 09:00

Xabier Kareaga, txikitan, Itzurun hondartzan, bere anai-arreba nagusiagoekin (Argazkia: utzitakoa)

Xabier Kareaga Zumaiako bizilagunaren iritziarekin zabalduko du Udako lurrinak izeneko atala BALEIKEk. Abuztuaren bigarren astera iritsi gara, eta aisialdiarekin lotutako hiruzpalau proposamen plazaratuko dugu, udako GUKA gehigarri berezian bildutako artikuluak hona ekarrita.

"Bost anai-arrebetatik gazteena naiz, eta ni  jaiotzerako Zumaian pasatzen zituen udak nire familiak. Hasieran, alokairuko etxeetara etortzen  ziren, eta gerora, pisua erosi zuten eta egonaldiak luzatzen joan ziren. Abuztuan jaiotakoa naiz, eta jaio ahala, Zumaiara ekarri ninduten. Beraz, esan dezaket Zumaia Eibar bera baino  lehenago ezagutu nuela. 

Gogoratzen dudanaren arabera, behin san joanak pasatuta etortzen ginen Zumaiara; ume  txikienekin bertan jartzen zuen kuartel jenerala amak, eta aitak zein lanean ari ziren edo  ikasketa beranduago bukatzen zituzten anai-arrebak joan-etorrian ibiltzen ziren abuztuko  oporrak ailegatu bitartean. Bereziki gogoratzen  ditut uztaileko larunbat eguerdiak; aita bazkalorduan iristen zen, aste guztia lanean pasatu  eta gero. Gure aitak margolaritza zuen afizio,  eta inguruko bazter guztiak eraman zituen  koadroetara. Ikaragarri gozatzen zituen udak;  bere afizioan jarduteko ordu pila bat izaten  zituen hemen. Neurri handi batean, seguru  asko, paisaiak erakarrita aukeratuko zuten Zumaia oporleku gisa bere garaian.

Berezko udako egonaldia Arrate egunera arte  luzatzen zen: orduan, eskolak hasten zirenez,  eibartar guztiok Eibarrera bueltatzen ginen.  Fenomeno migratzaile oso berezi moduan  gogoratzen dut ordukoa. Arrateko jaiak ere  mundialak ziren, opor amaierako eibartarren  topagunea. Hala ere, udazkenean eguraldia  lagun genuen heinean, asteburu pasa batzuk  ere egiten genituen Zumaian. Kontxako estropadetara joateko ohitura ere bazen. Aste  Santu gehienak ere  hemen pasatzen genituen. Gaur egun ere, Zumaiak udako topagune izaten jarraitzen du, eta gutxienez birritan  elkartzen gara denok mahai baten inguruan, nahiz eta nire familiako kide bakoitzak bere oporrak beste edonon pasatzen dituen.

Txikiak ginenean ez ginen auzotik apenas ateratzen; Larretxotik Itzurunera eta Itzurundik Larretxora; haitzetara olarrutara, surfera, bizikletekin… Hasieran, beste Eibarko ume batzuekin elkartzen ginen gehien bat, beraneantiak  beraniantiekin, baina adinean aurrera egin  ahala, 10-12 urteren bueltan, bertako lagunekin erlazioa sendotzen joan ginen, eta kuadrilla ere osatu genuen. 

Etapa desberdin asko bizi izan ditugu. Umetan, gurasoen beraneo kontzeptua oso barneratuta  geneukan; oporretan etorri, eta oporrak amaitu takoan, martxa. Baina bertan egindako harremanak sendotzen joan ziren heinean, gero eta zailago egiten zitzaigun adiskidetasuna egutegiaren  menpe egotea, eta tarteka liskarrak ere izaten  genituen gurasoekin guk nahi beste ez ginelako  etortzen Zumaiara. Bizitza Eibarren berrantolatzea  tokatzen zen, eta ongi berrantolatu ere; azken  finean, gazteak izanik, edonon moldatzen ginen. 

Adinean aurrera egin eta autonomia lortzen  joan ginenean hasi zen benetako engantxadia.  20-30 urte bitartean bolada desberdinak izan  baziren ere, urte guztian zehar, asteburuetan,  gero eta gehiago etortzen hasi ginen, geure  kabuz. Iritsi zen une bat zeinetan ni eta bikotekidea –eibartarra bera ere– Zumaian bizitzeko  apustua planteatzen hasi ginen. Lehenengo semea bidean zen, eta  astebururo bueltaka ibiltzea baino, nahiago genuen aste barruan Zumaiatik gure lanpostuetarako bidea egitea. Ez  zen erraza izan, baina eman genuen pausoa, eta oso pozik gaude. 

Gauza xelebre moduan zera aipatuko nuke: gure gurasoen belaunaldian Eibartik eta  beste hainbat herritatik familia ugari udako  oporrak pasatzera etortzen baziren ere, haiei  ez zitzaien sekula burutik pasatu Zumaian  errotzerik edo bertakotzerik. Beste garai  batzuk ziren, mugikortasuna ez zen gaur  egungoa bezalakoa; beraiek Zumaia asko  maite bazuten ere, oporleku gisa ikusten  zuten. Kontrara, eibartar horien seme-alaba  asko gara herri honekiko maitasuna jaso eta  betirako lotura mantentzea erabaki dugunak.  Asko dira bertako herritarrekin elkartu eta  familia sortu dutenak; kontatzen hasita, dozenaka eta dozenaka dira gaur egun eibartar horien seme-alabak Zumaian.

Oso gustura gaude Zumaian, herri honek  beti ekarriko dizkigu oporraldiko eta aisialdiko oroitzapenak, eta hori gauza handia da  bizileku bat izanda; bizitza estilo propioa  dauka Zumaiak. Itsasoa ikaragarri gustatzen zaigu, eta batetik bestera lasai paseatzea  ere bai. 

Agian, Eibartik faltan gehien sumatzen dudan  gauza hango mendiak dira. Ez dut esango  politagoak direnik, baina desberdinak dira,  eta bide eta tontor kutun asko dauzkagu han  ere. San Joan jaiek ere oso une hunkigarriak  ekartzen dizkidate burura; familiartekoak eta  herriko ohiturei lotutakoak batez ere, baina  aitortu beharra daukat munduko festarik gogokoenak Zumaiako santelmoak izan ditudala  betidanik. Zeinen gogorra zen San Telmo  bezperan Eibarrera bueltatu behar izatea beti… 

Lagunen aldetik ere, argi dago erosoena  norberaren jaioterrian geratzea dela, baina  egia esateko, zorte handia izan dugu, eta beti  sentitu gara ongi etorriak. Lagun handiak  dauzkagu hemen ere. 

Bi seme dauzkagu, etxeko zumaiarrak beraiek  dira, eta oso zoriontsuak dira hemen. Hala ere,  eibarzale amorratuak dira, eta Ipuruara bueltatzeko irrikitan daude, benetako football-a  ikusteko, Bigarren Mailan bada ere. Gora Eibar,  eta gora Telmo Deun!"

Xabier Kareaga, Zumaian bertakotutako eibartarra.