Beste hamar kasu positibo zenbatu dituzte Zumaian hiru eguneko epean

Anartz Izagirre 2021ko abu. 2a, 13:37

Azken hiru egunetan 73 kasu positibo hauteman dituzte Urola Kostan. Gehienak Zarautzen detektatu dituzte, 21, baina Zumaian beste hamar kasu izan dira ostiraletik igandera bitartean. Hego Euskal Herrian, bestalde, oso altua da oraindik positibotasun tasa: %10,5 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %14,5 Nafarroan.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu ditu ostiraletik igandera bitartean egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta eskualdean, guztira, 73 positibo hauteman dituzte azken hiru egunetan, aurreko asteburuan baino 28 kasu gutxiago. Hala eta guztiz ere, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztiek eremu gorrian jarraitzen dute, eta oraindik ere oso altuak dira herri horietako 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak.

Kasurik gehien Zarautzen atzeman dituzte azken hiru egunetan. 21 kasu izan dira han —ostiralean hamabi, larunbatean sei eta atzo hiru—, baina intzidentzia tasak behera egin du. Uneotan, 770,98koa da tasa. Azpeitian, bestalde, hamahiru kasu izan dira —ostiralean lau, larunbatean bost eta atzo lau—, eta intzidentzia tasak apur bat gora egin du, 788,44ra. Azkoitian, aldiz, 11 kasu zenbatu dituzte —hiruna ostiralean eta larunbatean, eta bost atzo—, eta nabarmen jaitsi da intzidentzia tasa, 767,75eraino.

Horrez gain, Zumaian hamar kasu izan dira —sei ostiralean eta bina larunbatean eta atzo—, eta hango intzidentzia tasak apurka-apurka beheranzko joera hartuen duen arren, oraindik ere eskualdeko tasarik altuena duen herria da; gaur-gaurkoz 1.058,31 da tasa. Orion ere egoera ez da askoz hobea, bederatzi kasu izan baitira —launa ostiralean eta larunbatean, eta bat atzo—, eta hango tasak ostiraleko bera izaten jarraitzen du: 978,47. Bestalde, Zestoan bost kasu, Getarian hiru eta Beizaman kasu bat izan dira azken hiru egunetan, eta honakoak dira herri horietako intzidentzia tasak: Zestoan 924,50, Getarian 848,06 eta Beizaman 806,45. Aian, Aizarnazabalen eta Errezilen ez da kasu berririk izan.

1.047 kasu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko lau lurraldeei erreparatuta, 9.214 PCR eta antigeno test egin zituen guztira atzo, igandea, Osakidetzak eta Osasunbideak; horietatik, 1.047 izan ziren emaitza positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien, (457), eta ondoren, Nafarroan (280), Gipuzkoan (200), eta Araban (95). Joan zen asteko igandean baino positibo gutxiago izan ziren atzo, baina oraindik ere positibotasun tasak oso altua izaten jarraitzen du: %10,5 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %14,5 Nafarroan.

Ospitaleei dagokienez, 299 eri daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan, eta horietatik 60 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, aldiz, 143 pertsona daude ospitaleratuta, eta 20 dira ZIUetan daudenak.