Anaderen arrantza lehiaketek badituzte irabazleak

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 2a, 12:05

Anade elkarteak udaro antolatzen dituen bi arrantza txapelketak jokatu ziren atzo: Kabra eta dontzeilen, eta Arrain txikien txapelketak, hain zuzen. 

Iragarpenek bestelakoa bazioten ere, eguraldia lagun izan zuten lehorretik arrantzan ari ziren Arrain txikien txapelketako parte hartzaileek. Kabra eta dontzeilen txapelketako parte hartzaileek, ordea, bestelako egoera bati aurre egin behar izan zioten: mugitua zegoen itsasoa, eta bat baino gehiago mareatuta lehorreratu zen. 

Kontuak kontu, pandemiak eragindako osasun neurriak errespetatuta jokatu ziren bi txapelketak. Felix Nolaskoain eta Joxe Antonio Txiki Gorostola izan ziren Kabra eta dontzeilen txapelketako irabazleak, Egutera ontziarekin: Pisuan 18.055 gramo eman zituzten 191 arrain arrantzatu zituen bikoteak. Bigarren Niko eta Javierren Aitona Periko ontzia sailkatu zen –137 arrain, 13.284 gramo–, hirugarren Eñaut eta Jonen Urertz –87 arrain, 8.507 gramo–, laugarren Azpillaga eta Oskarren Mamua –73 arrain, 6.910 gramo–, bosgarren Joseba eta Marioren Truxki –32 arrain, 2.370 gramo–, eta seigarren Telmo eta Xeberen San Juan Txiki –18 arrain, 946 gramo–.

Ontziak itsasoan arrantzan ari zinen une berean, arrantzale gazteak Zumaiako barran ari ziren kanaberak astintzen. Infantil A mailan, Izkiro elkartearentzako izan ziren lehen bi sariak: June Lopez izan zen irabazlea, 680 punturekin, eta Nora Aginaga bigarren, 653 punturekin. Hirugarren Enaitz Argote izan zen, 522 punturekin. 

Infantil B mailan ere Izkiroko arrantzaleak izan ziren nagusi: lehena Uxue Larrea Barrero izan zen, 430 punturekin; eta bigarren Ekiñe Rio Mendez 347 punturekin. Hirugarren Intxaurra elkarteko Aintzane Mosquero Uriarte izan zen, 281 punturekin.