Iñigo Peña Olinpiar Jokoetan

“Bizitzako proiektua da hau Iñigorentzat”

Gorka Zabaleta 2021ko abu. 2a, 18:00
Mikel Ibarguren, Kepa Etxabe eta Unai Aizpurua.

Unai Aizpuruak, Kepa Etxabek eta Mikel Ibargurenek badute tajuzko motibo bat aste honetan pare bat gaupasa egiteko: koadrilako laguna ikusiko dute bigarrenez Olinpiar Jokoetan lehiatzen. Iñigo Peñaren ibilbidea nola bizi duten kontatzeko eskatu diegu.

Unai: Iñigo beti izan da oso lehiakorra; eta denean, ez piraguan soilik. Errekreoan saskibaloian egiten genuenean ere bai, beti irabaztera.

Kepa: Bere lehen olinpiar jokoak koadrilan izan ziren! Santiagoko hondartzan egiten genituen, udan. Aurrena buelta batzuk eman zorabiatzeko eta gero lasterketa. Horretan ere ez zuen nahi izaten galdu.

Mikel: Esan beharra dago galtzaile txarra zela. Playstationean partida bat galtzen bazuen, errebantxa behar zuen... Baina lehiakortasun hori ezinbestekoa da goi mailako kirolean, anbizio hori behar da; bestela, nola jasan hainbeste lan, hainbeste sakrifizio.

Kepa: Denborarekin garbi ikusi du hau bere lana dela, ardura handiarekin hartu du. Beti izan da horrela, baina azken ziklo honetan are gehiago. Ez dakit lankide berriaren eragina izan den. Paco Cubelos oso diziplinatua da eta agian horrek Iñigori mesede egin dio. Iñigo beti egon da oso zentratuta, baina orain gehiago.

Mikel: Oso kuriosoa da bikote horrena. Rioko Jokoen ondoren bat egitea erabaki zutenean jendeak ez zuen txakur txikirik ematen haien alde: alde handia dago alturan, pisuan... Baina probatu zuten eta hasieratik oso ondo moldatu dira eta emaitza bikainak lortu dituzte.

Kepa: Duela bi urte K2 1000 metroko munduko errekorra izan zuten, eta txapelketetan puntan ibilbi dira beti.

Unai: Bai, eta ikusita oso ondo doazela seguru horrek askoz gehiago motibatu dituela. Nik uste dut orain momenturik onenean daudela, heldutasun puntu hori dutela eta Tokion aukera ona dutela.

Mikel: Riokin konparatuta aukera gehiago dituzte, urtero podiumean egon dira, beste maila bat dute. Munduko Kopako azken proban ez zuten lortu nahi zuten emaitza, baina lasai zeuden, ez zirelako sasoi puntu onenean iritsi. Orain oso ondo daude. Dena den, Tokion egotea sekulako lorpena da.

Unai: Oso gogorra egin zaie pandemia urte hau. Iazko konfinamenduan ezin ziren etxetik atera eta ikusten zituzten beste batzuk normal entrenatzen, italiarrak-eta... Presio handia jasan behar izan dute.

Mikel: Presioa ikaragarria da. Irailean entrenatzen hasi eta ezin duzu urte osoan katarro txikiena harrapatu, selekzioaren barruan sekulako lehia dagoelako.

Kepa: Egia da beti dagoela norbait zure postua hartzeko prest, baina une honetan Iñigo eta Pacoren K2tik urruti dago Espainiako bigarren ontzia. Eta K1ean ere bost onenen artean daude biak.

Unai: Ezin zara lasaitu.

Kepa: Eta gero, Tokion, faktore askok eragin dezateke. Uraren tenperatura, haizeak jotzen duen edo ez, egoerara nor egokitzen den ondoen...

Mikel: bezperan zenbat deskantsatzen den...

Kepa: Iñigo beti izan da iratzargailua azkena esnatzeko jartzen zuena, lo arazorik ez du sekula izan.

Unai: Azkenean, eskatu behar dena da beraien onena emateko aukera izan dezatela.

Mikel: Bizitzako proiektua da hau Iñigorentzat. 16 urtekin dena utzi eta Madrilera zoaz, zure ametsaren bila.

Kepa: Ez zen erabaki erraza izango, baina asko destakatzen zuen. Madrilera joan aurretik ere egiten zituen asteburutako egonaldiak Zamoran Espainiako selekzioarekin, 13-14 urtekin.

Mikel: Akordatzen naiz Madrileko Blumera joateko lekua lortzeko estropada bat jokatu behar zuela. Orduantxe DBHko amaierako bidaia genuen Saloura eta bera ez zen etorri, Blumeko estropada zuen buruan.

Kepa: Behin, Barrikako estropada batean, artean alebinak edo infantilak ginen, akordatzen naiz nola uretako epaile bati entzun nion “denak txikituko ditu”, Iñigogatik, denoi sekulako aldea ateratzen zigulako.

Mikel: Iritsi zen puntu bat, helburua ez zela estropada irabaztea, aurretik bidea markatzen joaten zen K2ari irabaztea zen erronka... Irunen pasa egin zuen!

Kepa: Alde handia zegoen.

Mikel: Eta klubean ere maila handia zegoen orduan. Josu Ansolarekin ere entrenamendu onak egiten zituen.

Kepa: Askotan zaharragoekin entrenatzen zuen.

Mikel: Askotan perspektiba galtzen duzu eta dena normaltzat jotzen duzu. Eta ez da horrela. Piraguista delako. Beste kirol batean izarra izango litzateke, eta ezingo ginateke kalean lasai ibili...

Unai: Hori behintzat alde dauka, Zumaiara etortzen denean gurekin lasai atera daiteke, hondartzara joan, buelta bat eman.

Mikel: Dena den, nik uste dut Zumaian baduela aitortza hori, jendeak baloratzen duela.

Kepa: Jendeak badaki piraguak zer ahalegin eskatzen duen.

Unai: Pena da aurten ezingo dugula bertatik bertara ikusi. Riokoa oso esperientzia polita izan zen, lagun batzuk izan genuen hara joan eta berekin egoteko aukera. Hemendik bidaliko dizkiogu animoak.

Mikel: Kepa eta biok ezin izan ginen Brasilera joan... Biak oso urruti tokatu dira!

Kepa: Hurrengoak Parisen dira... Beste hiru urte aguantatu beharko du!