Zumaiako Musika Jaialdia 2021

Euskal musikagileak gogoan izan ditu San Pedro Abesbatzak musika jaialdiko kontzertuan

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 2a, 14:50

Isildu nahi ez den hura izeneko emanaldia eskaini zuen atzo San Pedro Abesbatzak Zumaiako 33. Musika Jaialdiaren barruan. Euskal musikagileen lanak paperetik soinuen mundura eraman nahi izan zuen Zumaiako abesbatza honek kontzertu honen bidez. 

Urtero abestu ohi du San Pedro Abesbatzak Zumaiako Musika Jaialdian; urteko hitzordu garrantzitsuenetakoa ere izan ohi da Amaia Aldalurrek zuzentzen duen koroarentzat. Atzokoan, ohiko kolaboratzaile Mari Carmen Azpeitia pianistak eta Sapere Aude Quartet soka laukoteak jantzi zituzten abeslarien ahotsak. 

Emanaldi berezi honen bidez, euskal musikagileei aitortza eskaini nahi izan die abesbatzak, eta bereziki taldekide duen Iker Gonzalez Cobeaga zumaiarrari. Gonzalezek konposatutako, eta kontzertuari izenburua ematen zion Isildu nahi ez den hura lanarekin amaitu zuten saioa. Bideo honetan ikusi eta entzun daiteke lan hori.

Sapere Aude Sinfonietta, gaur

Zumaiako Musika Jaialdiko orkestra egoiliarra den Sapere Aude Sinfoniettak kontzertua eskainiko du gaur, 20:00etan hasita, Zumaiena ikastetxeko aretoan. Maurice Ravelen eta Richard Straussen obra bana joko ditu orkestrak. Berezitasun bezala, aipatu lehen aldiz emakume batek zuzenduko duela SAS, Carmen Brito kanariarrak, hain zuzen ere.

Kontzerturako sarrerak turismo bulegoan izango dira salgai 19:00ak arte, eta azken aleak aretoko atean bertan jarriko dira salgai.