Grand Slameko partida irabazi dute Goikoetxeak eta Etxetok, Gernikan

Baleike 2021ko abu. 1a, 16:22
Argazkia: Jai Alai News

Iñaki Osa Goikoetxeak debuta egin zuen atzo aurtengo Gernikako Grand Slamean. Etxetorekin bikotea osatuta, hiru setetan irabazi zieten Olharan eta Aldazabali. 

Azken neurriek hala behartuta, Gernikako Katedraleko harmailak ez ziren bete, baina salgai jarritako 800 txartelak agortu egin ziren. Aipagarria, gainera, jende gazte ugari inguratu zela atzo gauean zesta puntako partida hau ikustera. 

Asteko laugarren partida jokatu zuen Goikoetxeak. Miarritzen (astelehena eta asteazkena) eta Pauen (ostirala) lehiatzetik zetorren, eta horrek, bere hitzetan, lagundu egin dio. Partiden kargari esker, erritmoa hartu du, eta hori denboraldiaren hasieran kostatu zaio. Atzo dena ondo egin zuen, eroso jokatu zuen, plazerez. Kantxan gozatu zuen. Berak menderatu zuen jokoa, aurkariak deseroso jarri zituen, eta ondo amaitu zituen tantoak (barrukoak, erreboteak eta ebakiak).

Olharan, lehen setean, behintzat, ez zen jokoan ia sartu. Lehen setaren amaieran bakarrik sartu ziren urdinak pixka bat partidan, baina ordurako berandu zen, eta 15-9 emaitzarekin irabazi zuten seta Goikoetxeak eta Etxetok.

Bigarren seta berdinduagoa izan zen, eta seigarren kartoiraino berdinduta joan ziren bi bikoteak. Urdinek abantaila hartu zuten markagailuan eta Etxetok bigarren set honetan nekea sumatu zuen. 11-15 emaitzarekin irabazi zuten seta Olharanek eta Aldazabalek. Set laburrean erabaki zen norgehiagoka, eta hor nagusi izan ziren gorriak, Goikoetxea eta Etxeto.

Gauzak oso estututa daude A taldean, eta dena hurrengo egunean erabakiko da. Goikoetxeak eta Etxetok Barandika eta Lopezi irabazten badiete, azken hauek baztertuta geratuko dira. Barandikak eta Lopezek 2-0 irabazten badute, ordea, haiek eta Olharan-Aldazabal bikoteak sailkatuko dira finalerdietara. Barandikak eta Lopezek, baina, 2-1 emaitzarekin irabazten badute, hiru bikoteak berdinduta geratuko dira, eta tanto-aberagea erabiliko da.