Giro ezin hobea izan da Emakumeen arteko III. Pala Txapelketako azken jardunaldian

Maria Maya Manterola 2021ko uzt. 31a, 11:30

Zumaiako Emakumeon* Etxeak eta Asanblada Feministak antolatutako emakumeen pala txapelketako azken partidak jokatu ziren atzo, ostirala, Odieta eta Sagarbideko pilotalekuetan. Idoia Zabala eta Nerea Etxabe izan dira irabazleak.

Emakumeen arteko III. Pala Txapelketako finalerdiak eta finalak jokatu ziren jardunaldi berean atzo, ostirala. Hasteko eta behin, bi finalaurrekoak jokatu zituzten Odietako frontoian: lehen partidan, Alaia Azkue eta Libe Grijalbak 22 eta 15 irabazi zieten Leire Esnal Urbieta eta Leire Mendizabali. Bigarren partidan, berriz, Idoia Zabala eta Nerea Etxabe 22 eta 8 gailendu zitzaien Mariana Baud Gamarra eta Ana Egaña Garateri.

Finala hasi eta berehala euria hasi zuen. Saiatu ziren tantoak jokatzen, baina partida gelditu beharrean aurkitu ziren. Txapelketa amaitu nahi, eta Sagarbideko frontoian jarraitu zuten partidarekin. Zabalak eta Etxabek osatutako bikoteak 22 eta 11 emaitzarekin irabazi zieten Azkue eta Grijalbari, eta, ondorioz, beraiek izan dira txapelketako irabazleak.

Guztira, hamabi bikotek parte hartu dute, eta bikote guztiak aritu dira elkarren aurka. Zumaiarrez gain, oikiarrak, azkoitiarrak, hernaniarrak eta zarauztarrak ere lehiatu dira. Antolatzaileek txapelketan izandako "giro ona" nabarmendu nahi izan dute, eta halakoak antolatzen jarraitzeko asmoa agertu.