Zumaiako traineruak gaur itzuliko dira uretara

Juan Luis Romatet 2021ko uzt. 30a, 15:00

Egindako probek negatibo eman ondoren, Zumaiako arraunlariak gaur itzuliko dira uretara. Neskek estropada izango dute igandean; mutilek atsedeneko asteburua dute. 

Zumaiako Arraun Elkarteko arraunlariak, gizonezkoak zein emakumezkoak, konfinatuta egon dira taldeko kide batzuek positibo eman ondoren. Pasa den asteburuko estropadetan ezin izan ziren lehiatu, eta entrenamendu saioak uretatik urrun egin dituzte, norberak bere etxean, ergometroan. 

Klubak azaldu duenez, arraunlariei azken aldian egindako probek negatibo eman dute, eta berriro uretara itzultzeko aukera izango dute. Azken orduko aldaketarik ez bada, gaur bertan hasiko dira berriro traineruan entrenatzen. 

Estropadei dagokionez, emakumezkoen Telmo Deunek igandean, abuztuaren 1ean, Errenterian izango du ETE ligako estropada. III. Errenteria Hiria – Emakumeen Traineru Elkartea Banderan itzuliko da Zumaiako trainerua lehiara. Gizonezkoek hurrengo asteburura arte zain egon beharko dute lehiatzeko, datorren hau atsedenekoa baitute KAE 1 ligan.