52 kasu positibo zenbatu dituzte zazpi eguneko epean Zumaian

Maria Maya Manterola 2021ko uzt. 30a, 13:43

Izurriteak ez du etenik: beste 52 kasu positibo zenbatu dituzte Zumaian zazpi eguneko epean –atzo bertan beste bost–. Hala ere, azken hamalau egunetako intzidentzia tasak behera egin du.

Orain astebeteko datuekin alderatuta egoerak zertxobait hobera egin duela ondorioztatu daiteke. Uztailaren 16tik 22ra bitarteko zazpi egunetan 62 kasu izan ziren; astebete beranduago, hilaren 23tik 29ra hamar kasu gutxiagu, 52.

Izurriteak kutsatuen herritarren kopuruak gora egiten du. Azken zazpi egunetan kasu positiborik gabeko egun bakarra izan da, pasa den igandea. Asteartean, ordea, hamazazpi kasu izan zituzten. Hala ere, intzidentzia tasak behera egin du denbora honetan, Zumaiakoa oraindik ere Gipuzkoako altuenetakoa bada ere. 1383,94 tasa zuen Zumaiak uztailaren 22an, eta 1160,07koa atzo. Jaitsita ere, Gipuzkoako bosgarren intzidentzia tasa altuena du Zumaiiak gaur gaurkoz.

31 kasu atzo eskualdean

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu du herriz herri egindako PCR eta antigeno proben berri dakarren txostena. Atzo 31 koronabirus kasu hauteman zituzten Urola Kostan egindako probetan, herenegun baino 24 gutxiago.

Kasu kopuruak behera egin du nabarmen, baina 5.000 biztanletik gorako zenbait herritan gora egin du intzidentzia tasak, hala nola, Azpeitian eta Orion. Azpeitian sei kasu zenbatu zituzten atzo, eta 762,16tik 775,30era igo da kasu metatuen tasa; Orion, berriz, bi izan dira hautemandako kasuak, eta 945,86tik 978,47ra igo da tasa.

Zarautzen zertxobait behera egin du tasak, 839,51tik 818,08ra, baina herri hortan zenbatu dute kasu kopuru altuena, 11, hain zuzen. Behera egin du tasak Azkoitian ere –intzidentzia tasa mila puntutik behera jaitsi da eta 917,97koa da gaur-gaurkoz–, nahiz eta bi kasu positibo zenbatu zituzten atzokoan. Bost kasu positibo detektatu zituzten, bestalde, Zumaian; 30 puntu jaitsi da herri horretan intzidentzia tasa azken datuekin, baina Urola Kostako herrietatik bertan dute egoera okerrena, 1.160,07 baita tasa. 

Aian eta Getarian, hiru eta bi kasu hauteman zituzten atzo, hurrenez hurren. Aian 503,78koa da kasu metatuen tasa, eta Getarian, 883,39koa. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zestoan, bestalde, ez zuten kasu bat bera ere atzeman atzo. Aizarnazabalen 130,04ean dute tasa eta Zestoan 898,82an; Beizaman eta Errezilen, berriz, hutsean mantentzen dute. 

Positiboek zertxobait behera, ospitaleratzeek gora

Hego Euskal Herrian egindako 14.551 PCR eta antigeno probetatik 1.696k izan zuten emaitza positiboa –1.980 ziren herenegun–. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %11koa da positibotasun tasa, eta Nafarroan, berriz, %13,9koa. Lurraldez lurralde, Bizkaian (776) zenbatu zuten kasu kopuru altuena, eta, ondoren, Gipuzkoan (388), Nafarroan (381) eta Araban (131). Lurralde horietatik kanpo bizi direnen artean 20 kasu positibo hauteman zituzten, Osakidetzak emandako datuen arabera. 

Ospitaleetako egoerari dagokionez, 243 lagun daude izurritearen eraginez Osakidetzaren mendeko erietxeetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 55 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, herenegun baino hamabi gehiago. Zaintza bereziak behar dituzten pertsonak, berriz, 62 dira hiru lurralde horietan.